www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

12. AINGERU ARRI-ALDATZAILLEA

 

        Antxiña, Berriz errian, bertako bizilagunak eliza eder bat egitea erabagi eben.

        Eta egun baten, orretarako gaiak ugari batuta, inguruko argiñik onenak, eliza barria ainbat lasterren jasoteko, orma sendoak egiten asi ziran, bertan arri-pillo andiak batzen ebazala.

        Biaramon-goizean, beargiñak, euren egitekoetara joan ziranean, aurregunean eurak egiñiko lan guztia osorik gauzeztuta ikusi eben: egin eben lanaren aztarrenik be ez eben ikusi.

        Ori zala-ta, ikaratu ta tamaldu egin ziran. Eta bertan pillatutako arri moltzoak bertatik aldenduta ikustean, ezin-geiago tamaldu ziran. Gauza bakan ori ikusita, argiñak alkarri auxe zirautsoen: «¿Zer arrano jazo dok emen? Sorgiñak, «pamerialak» ala zer denganiño ibili ete-dok berton ona-araka? Lan-egiñaren aztarrenik be ez yoagu ikusten-eta... Ai!.... atzo ekarritako arri-pilloak, ¿non eta non ete-yagozak...?»

        Eta olako berbak esanda gero, aldenduriko gauzen billa joatea erabagi eben.

        Eta ibili ta ibili eginda gero, alako baten, aldenduriko arriak erriko zelai-une baten alderrezkan polito-polito imiñita egozala aurkitu ebezan.

        Orrenbestez, gure gizonak, ikarearen ikaraz, ule-zutik jarri ziran. «¿Nor edo zer ibili dok emen?», iñoen etenka. Eta ikusirikoaz, barriro adoretuta, arriak eta abar nok edo zek erran ebezan jakinguraz, etxerik-etxe itaunka abiatu ziran.

        «Gangoiti» basetxera eldu ziranean, baiña, bertako neskatilla batek, gabeko amabietan burdi baten zarateaz batera, «Aurrera zuria, beillegi jo!» deadarra entzun ebala esan eutsen.

        Ori entzunda, gizonak, neskatilleari, gabeko amabietan bere logelako leioan zuur eta adi egon zeitela erregutu eutsoen: bearbada, aldenduriko arriak burdi aretan eroanak izango zirala-ta. Neskatilleak baietz erantzun eutsen. Biaramonean, gizonak, aurkituriko arriak eta abar atzera leengo lekura eroanda, barriro be eliza barria jasoten asi ziran. Eta egun guztian, jateko lain asti ozta-ozta artuta, lanari eten bagarik ekin eutsoen.

        Gau aretan «Gangoiti» basetxeko neskatillea, argiñen esanari jaramon egiñik, bere logelako leioan begi ta belarri, adi ta zoli, igarotakoaren zain jarri zan.

        Aretan, gabeko amabi-amabietan, illargiaren argitan an urrintxoan burdi bat etorrela ikusi eban. Burdiak, etorri ta etorri, «Gangoiti»-aldera egiten eban beti. Eta astiro-astiro urreratuez, etxe-ondoaa eldu zanean, arriz beteriko burdi andi bat idi zuri-gorri ederrak ekarrela ikusi eban; eta idi zuri-gorri ederren ondoan, aingeru zuri-lirain bat be oinkada leunez etorrela.

        «Gangoiti» basetxearen ondotik igarotean, barriz, aingeru zuri-liraiñak, bere esku leunakaz idiak mokoraldeetan gozaro-gozaro joten ebazala, deadar andi au egin eban: «Aurrera zuria, beillegi jo..., begira dagoanari begia urten bekio!»

        Eta aingeruak deadar egin eban une-unean, «Gangoiti»-ko neskatilleari, ezkerreko begiak, bere lekutik kanpora urtenda, soloko bedartzara jauzi (salto) egin eutsan.

        Ori izan zanean, neskatilleak, negarrez asita, deadar baten asi zan. Alan be, aingeru zuriak, «Aurrera zuria, beillegi jo» eten bagarik esanez, jaramon egin bagarik, bere burdi ta guzti aurrera egin eban; eta, arriak leen eroaniko lekura eroan arte, ez zan gelditu be egin.

        «Gangoiti» basetxeko neskatillea, ikusgura larregiz leiotik begira egon zalako, Jaungoikoak begi bat kenduaz zigortu eban.

        Jazoriko guztiaren albistea zabaldu zanean, erritar guztiak arrituta geratu ziran; eta Jaungoikoak elizea egitea aingeruak arria eroaniko lekuan gura izango ebala-ta, toki aretan bertan egin eben elizea. Eta egiñiko eliza barria, Jaunaren zerura Igoereari eskiñi eutsoen.

 

aurrekoa hurrengoa