www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

33. BIRKIÑA-REN EGURRA

 

        Txarea, bere abar zuri ta orri txiki ugariaz, zugazñoaren polita! Mañari-ko aitz andi ta jagietan orreitariko asko egoan. Eta zugatz polit ezagun orrek, beste zugatz asko baiño txikiagoa izaten danarren, arri-arte aretan bere burua zutik eta arrorik agertzen eban. Erriko emakumeak euren lan batzuk txukunkiro ta egoki egiteko aren bearrean izaten ziran...

        Gure errian, txara-egurra, bedeinkapen miragarriren bataz lagunduta bai-legoan, gauza on eta berezitzat artzen zan. Izan be, txara-autsaz egiñiko lixibearen txukuna! Eguzkiaren mosu gozoak laztantzen ebanean, edurra baizen zuri eta aitz-urabaizen garbi agertzen zan. Beste lixibakandik alde galanta! Zerez egiñaz zan itandu bearrik ez egoan; bere burua berak agertzen eban ondo.

        Bata txara-egurraz egosiriko lapikokoa be, bardiñean, beste egurrakaz egositakoak baiño sapore gozoagoa izaten ebala-be esaten eben. «Goiti» basetxeko etxaguna zan «Txuan Goiti» gizonak eta bera lako beste atso-agura askok, txareaz egosiriko baba-lapikoak «aparteko grazia» izaten ebala esaten eben beintzat sarritan.

        Leenago, barriz, Mañaria-n, txarea «Birkiña-ren egurra» izenaz ezagutzen zan. Karlos Zazpigarren gudatean, erdaldun gudari batek «Kaudalategi»ko Maipatxu andra zaarrari txara-egurrak ze izen eban itandu eutsan. Eta Maipatxu-k, erdera mordoilloz, olantxe erantzun eutsan: «Esto ser leña Birkiña, para lixiba y lapikoko ez dago iñun bardiña».

        Izen polit orren jatorria, barriz, gure erritxoan urrengo ipuintxo baten bidez azaltzen zan.

        Bein, «Bidegurutze» basetxeko Mari neskatillea, lixibea egosteko egurra ekarteko asmoz, basorantz joan zan; eta, bidean yoiala, arri-mokil andi baten ganean agura zaar bat negarrez ikusi eban. Gure neskea, agurearen itxura ituna ikusirik, tamaldu egin zan; eta,

        —Aitaita, ¿zegaitik egiten dozu negar? —itandu eutsan biotz bigunez.

        Eta aguratxoak, negar-zotiñez, auxe erantzun eutsan:

        —Nire artaldeko bildots bat galdu dalako egiten yonak negar, neska. Basorik-baso eta mendirik-mendi bere billa ibili nazanarren, aztarrenik be ez yonat iñon aurkitu...

        —¿Bildots bategaitik orrenbeste negar? ¿Zure artalde ederrean bildots ederrik asko ez daukazu, ba? —esan eutsan Mari-k barriro.

        —Bai, baiña... askoren artean be baten utsa beti uts. Bata lez bestea be, neure-neureak guztiak, barriz. Oi, nire bildots ederra!

        Eta agureak, ori esanda, geiago egiten eban negar. Ori entzunik, Mari erruki izan yakon; eta biotz oneko neskatilleak, aitz eta mendiak arduraz arakatuta, galduriko bildotsa labarpe andi baten ertzean bizirik eta zutik idoro (aurkitu) eban.

        Eta artzain zaarra, Mari-k bildotsa aurkeztu eutsanean, pozez beterik jarri zan, irribarrez zirautsala:

        —Biotz oneko neskatilla maitagarri orrek, gaur poz andi bat ekarri daustan... Jaunak bedeinkatu ta zaindu agiala beti. Eta orain, on-egiñaren saritzat, ¿zer eskatzen daustan, ba?

        Eta Mari zintzoak, irribarrez, auxe erantzun eutsan:

        —Ezertxo be ez dautsut eskatzen, ba, aitaita... Lixibea egiteko egurrik onenak non dagozan esan ba-zengit esan, orraitiño, poz-pozik jarriko nintzake.

        Orduan, agureak, Artzate-ganea eskuaz erakutsirik, begi argiz esan eutsan:

        —Oa Artzate-ganera, eta antxe, arri-arteko lur-unetan, abar zuri ta orridun zugazñoak ugari aurkituko dozan. Zugatz txiki polit orrein egurraz egiñiko errautsaz Ama Birkiñak Jesus Umea berotu ta Beronen soiñekotxuak garbitzen yonazan; eta, zugatz orreik urrin egozanetan, zeruko aingeruak euren ego zuri-bigunetan eroaten eutsoezanan. Beraz, zugazñoaren egurrak zeruko Amak bere eskuakaz bedeinkaturikoak dozan. Orregaitik, egur orrein errautsaz egiten dan lixibea, edurra baizen zuria izaten don, eta beragaz egosten dan lapikokoa eztia baiño be gozoagoa... Oa, ba, Mari, eta neure esana egiña iñoiz be ez yana damutuko.

        Eta Mari neskatilla onak, artzain zaarraren esana oso-osorik eginda, arrezkero errian lixibarik zurienak eta lapikokorik gozoenak egiten ebazan; eta bere egintza ona zala-ta, aldiko emakumerik aintzagarriena errian bera izan ei-zan.

        Orra, ba, txareari ezarritako izena ipuin politez azalduta. Euzkadi-ko erritxoetan amaikatxo onako ipuin polit ba-dago egon be!

 

aurrekoa hurrengoa