www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

32. BIDE-IPINTEAK

 

        Gure erritxoan, Bizkai-ko beste erri askotan lez, erriko bideak atondu ta barrizteko egun berezi bat urte oro izaten zan. Egun ori, Mañaria-n, bertako Udalak aututa, zezeilleko zapatu baten izaten zan, eta «bide-ipinteak» izenaz ezagutzen zan.

        Orretarako, «bide-ipinteak» eguna noiz izango zan, aurreragoko domekan abade jaunak elizan iragarten eban. Orrezaz ganera, egun orren aurreragoko gabean, elizako kanpae nagusiak, ordu erdian-edo, ots itzel-berezia egiten eban.

        Illuntzeko aize ozkirritan kanpae-otsa entzutean, barriz, mañaritarroi soiñu politaz urrengo berba oneik belarriratzen yakuzan:

 

                Dan, dan, danak bearrean;

                dan, dan, alperrik ez etxean!

 

        Biaramon-goizeko bostetan be, kanpae nagusiak, arazo bardiña egiñaz, erritarrai zein lanari ekin esaten jarduten eban.

        Eta seiretan-edo, atxur, mailluketa, erratillu ta enparadu lanerako tresnak artuta, bakotxa etxe-bideak, burdibideak eta eliz-bideak atondu ta barriztera poz-pozik joaten zan; eliz-bideak edertzen eta txukuntzen aalegintzen ziran batez be. Bai, ba, gure baserritarrak, kristau zintzoak ziran ezkero, Jaungoikoaganako eginbearrak betetera joateko bide maitagarriok begirik onenaz ikusten ebezan.

        Gure gizon-mutil zintzoak, erriko bide guztiak atontzen, goizetik gabera «esku, buru ta anka» lanik asko egiten eben. Orretan, areik ikustea gauzarik atsegingarriena zan. Peru ta Mikel, Txomin eta Anton, jaioa damu ez ebela gogaro onez ibilten ziran: egun ori, izan be, egun alaia izaten zan.

        Eta, egunaren barruan bakotxak norberarentzat lez lanari zintzo-zintzo ekinda gero, illuntzean, langillerik geienak Udaletxeko ardandegira joaten ziran: bertaratzen ziran guztiai Udalak musturrak bustiteko lain baiño ardao geiago ta geiago doan (utsean) emoten eutsen-eta; lanari ekinda, ardandegira bagarik etxeratzen ziran gizon etxezaleai, barriz, «kuartillotxo» bana ardao ta «libratxo» bana ogi baiño ez eutsoezan emoten.

        Eta olan, gure gizon-mutillak, «mama gozoa» txurrutada politez edanda, ardandegian «animaziñoz» ibilten ziran beti. Ango umorea! Baiña, baiña... olakoetan umorea «umore on» ez zan beti izaten. Batak au eta besteak ori, eztabaida gogorrak atarata, lantzean-bein «Ukubiltxo» morroskoa sutsu ta gogor ibilten zan-eta...

        Ni gaztetxo nintzala, beintzat, sekulako burrukaldia egin zan. Ez dakit nik zelan eta zegaitik be, Aldebaraieta-ko agura batek, «Karlos Setimo»ren aldian-edo, Aldebarrendarrak azkonar-sapo eder bat ostu eutsoela esan eban. Ori entzunik, Aldebarrendarrak, zaar eta gazte, asarre-bitsetan jarri ziran, eurak eta eurenak esku garbikoak eta «jente ondraua» beti izan zirala-ta esanaz. Eta, uste bagariko salatze ori zala ta ez zala, eztabaida gogorra sortuta, euren artean matraka itzela asi zan. Gizon, mutil eta agura... ango zapladak, ango musturrekoak eta ango bultzakadak! Iñoiz ba-zan, pautsok eta autsok ederto astindu ebezan!

        Burruka ori, baiña, olan bearrean, ango burruka guztiak izaten ziranez, zirt eta zart, ukubil-utsezkoa izan zan.

        Eta... jazoa jazota, urrengo egunean, domeka-goizean, alkate jaunaren aginduz, Mañari-ko agintari zintzoa, burrukan jardun eben guztiai Udaletxera joateko esaten etxerik-etxe ibili zan.

        Alkatearen agintze ori, ogerleko batzuen diru-zigor-edo izango zala uste izango dozue. Bai zera! Orrelakorik arean be ez...

        Arratsalde aretan, elizkizun-ostean, alkatearen esanari jaramon eginda, gure gizon-mutillak Udaletxean zintzo-zintzo batu ziran. Eta beste bagarik, alkate jaunak, guztien aurrean zutundurik, izan eben burrukeari buruz azalpen ederrak egin eutsezan. Eta, eztabideetatik eta asarretik gauza onik iñoiz be ez zala sortzen esanda, alkarri «parka eskatu» ta gero, ondoen guztien artean askari on bat jatea izango zala esan eutsen.

        Orduan, gure gizon-mutillak, alkatearen esanak onez artuta, azalpen arin batzuk berba leunez egiñik eta alkar-iraiñak biotzez parkatuta, guztiak batera, «on-umorian», askari eder bat jan eben. Eta olan, zorionez, «Karlos-Setimo»ren aldiko azkonar-sapoaren arazoa, euren artean bein eta betiko aaztuta geratu zan.

        Oraintxe berton, antxiñako esakun bat yatort burura: «Odol bagako burrukeak konpontze ariña».

        Gure baserritarrak olakoxe on-onak ziran, izan be. Biotz onekoak eta gorroto bagakoak. Erritik at, batetik bestera nabillen artean, amaikatxo bidar gomutatzen naz eurakaz! Jaungoikoak zerua olakoxeentzat egin eban.

 

aurrekoa hurrengoa