www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Euskalerriko ipuņak
Errose Bustintza
1950-1952, 1990

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ipuiņak, Errose Bustintza (Jaime Kerexetaren edizioa). Gero-Mensajero, 1990

 

aurrekoa hurrengoa

43. JENTILLEN BOLA-LEKUA

 

        Oraingotan be ba-zala edo ez zala... esan bear dodana, aritik-marira, ipuiñetan esango dautsut.

        Baiña leenen, ezetan asi baiño leen, «Jentillen bolaleku» miragarri ori non dagoan ikusi bear dogu, ezjakiñean edo —obeto esateko— itsumustuan ara ta ona oinkada zororik egin ez dagizun be. Gaiñera, barriz, gauzea, ikusirikoan, askozaz leenago ulertzen da.

        Gura ba-dozu, zoaz oraintxe, astiro naiz arinka, zeuk aal dagizunez, Untzillaitz-erpiñera.

        «Kapanagaburu»tik ba-zoaz, obe. «Odeieta»ko landara igo ezkero, andik osterik oste, triski ta trauski joanaz, zerbait bizkorra ba-zara beintzat, beingo baten erpiñeratuko zara. An goian, txuntxur-txuntxurrean, egonalditxo bat be ederto egin daikezu; eta, neke-osteko atsedena zeru-ertzean gozoro artuta gero, Mañari-ko atxartean sortua ba-zara, Urkiola-alborantz eun bat oinkada ardura bagarik emon daikezuz; eta bestela, or beeko urietan jaiotakoa ba-zara, labar andi orretan arduraz ibili bearra izango dozu... Eta, barriro beste orrenbeste oinkada alborantz emon orduko, «zuti ta muti», Jentillen bola-lekuan «naikoa dot» egingo dozu.

        Eta orduan...,

        —Ene! ¿Au dok «jentillen bola-lekua»? —esango dozu irri-destaiñez—. Bedar guriz orniduriko landa txiki-txiki bat baiño ez dok-eta! Landa au, bere izenaren jabe, ezetara be ezin izan daitekek. Lekutxo onetan bola-jokoan, ¿nok jardun daikek, gero? Ez leen, ez gero, ez yagok olakorik...

        Olantxe da, izan be: «Jentillen bola-lekua» deritxon tokia bedar guriz apainduriko landa txiki-txiki bat baiño ez da. Baiña jentillak, lamiñak eta sorgiñak gauza bakanak egiten ebezala esaten dabe sarritan emengo baserritarrak; eta, aitaturiko landatxo orretan be, antxiña, jentillak bola-jokoan jarduten ebela; eta, ori zala-ta, geroago errikoak leku orri izena «Jentillen bola-lekua» ezarri eutsoela.

        Jentillak, beso ta anka luze-luzeakaz, areitz-tantaiak lako gizon andi-andiak ei-ziran. Indartsuak, barriz, eurak lakoak. Euren beso luzeak ikutzen ebezan zugatzak, sendoenak izanda be, txirikillan jausten ei-ziran; eta euren ankatzarrak zapaltzen eben arria, sarritan austuta geratzen ei-zan. Gizon bakan-bakanak ei-ziran benetan!

        Erri onetako jentillak, gaur Martin deunaren baselizea dagoan inguruan bizi ei-ziran. Eta, euren jolas bakanetan jarduteko, gauoro-gauoro Untzillaitz-erpiñera joaten ei-ziran beti. Ona emen jolas orrei buruzko ipuintxoak.

 

—I—

        Illargi eder-zurizkeak gau illuna bereziz argitzen eban gau miragarri baten, Otzortia-ko gure jentillok Untzillaitz-txuntxurrera jolas egiten joan ziran.

        —Gaur, ¿zetan jolastu bear yoagu? —esan eban orroka Jentil nagusiak.

        —Gaur, bolan! —erantzun eutsoen enparadu jentillak.

        —Tira, ba, bolan. Bolan jardungo yoagu, ba —esan eban Jentil-buruak—. Ekarri, ba, arin armokilla.

        Orduan, areitariko batek «Bizkarra»ko labarrari arrimokil andi bat kendu eutsan. Milla arrobako arri biribilla zan. Eta, armokilla besapean eukala, jentil-buruagana aurkeztu zan; eta, ben-ben, auxe esan eutsan:

 

                Or dok, ba, bolea,

                milla arrobako arria,

                ankaz gora jaurtiteko

                euk gura dokan guztia...

 

        Eta bereala bola-jokoan asi ziran. Arri-mokillak keea ataraten eban; batera ta bestera indar andiz jaurtiten eben. Alako baten, armokilla bere lekutik kanpora joan zan, eta bere zartada errimeak atxeko zugatz guztiak erroz-gora txirikillan jaurti ebazan. Alako triskantzarik!

        Eta, atxean-beera bilin-bolaka etorri zan arte-zugatz batek, «Kukin» artzain-mutil errimea, buru-erdian jota, agoaz beera lurreratu eban. Jentillak «Kukin» mutilla oso maite be maite eben: egun oro ardi-esne gozoz janaritzen ebazan-eta. Ori zala-ta, ezbear itun orrek errime tamaldu ebazan. Eta guztiak batera, atxean-beera arrapaladan jatsirik, mutilla seneratzen asi ziran, orretarako osakai batzuk egiñaz.

        Jentil batek, asunakaz aurpegian joten eban; beste batek, barriz, bularra aker-koipeaz igortzi, eta urrengoak bere barruko arnasea mutillaren agoan sartzen eban. Baiña egitada orreik orrela zirala be, mutillak zirkiñik be ez.

        Onetan, areitariko bati, txistua jota, dantzan egitea otu yaken: mutilla, gazte alaia zan ezkero, bearbada alaitasunak seneratuko ebala uste izanik.

        Gerotxoago, zugatz-ganean gautxori batek, mozolo batek, auxe abestu eban:

 

                Ujuju!

                Ze jentil eta ze txistu:

                bein mutilla il ezkero,

                ezin barriro biztu.

 

        Ori entzunik, jentillak ikaratu egin ziran; eta, txori-mozoloari ixil-mixilka auxe esan eutsoen:

        —Gizon santzolari: ¿nondik orrenbeste jakituri? Baiña mozoloak jaramonik be ez; bere egoakaz «plapla» otsa egiñaz, iges egin eban.

        Jentillak, mozoloaren esanari jaramon egiñik, «Kukin» ilda egoala konturatu ziran. Eta, gau aretan bertan, beste artzain-mutil baten billa asi ziran; eta, ortik-emendik ibiliak-ibili eginda be, ezin mutillik idoro (aurkitu) izan eben. Orduan, besterik ezean, mutil barria euren eskuz egitea erabagi eben.

        Ona, zelako soin-atalakaz egin eben mutil barria: leenen, zotzezko oin-beatzak ezarri eutsoezan; gero, barriz, sagar-ustelezko orpoak, kaiñaberazko txankak, kipulazko belaunak, bildots-narruzko sabela, maats-aienezko esteak, arto-lastozko besoak, egurrezko eskuak, karrazpuztazko bularra, aratxarrozko bizkarra, igeltsuzko aurpegia, tomatezko matraillak, arrautza lokazko begiak eta jankuizko burua...

        Eta jentillak, eurak egiñiko mutilla, lurrezko pipea musturrean eukala, mendian-gora bialdu eben. Baiña txorimozoloa, itxura aretako mutilla mendira igoten ikusi ebanean, barre-santzoka asi zan, eta arek izena «Sasi-berezi» ezarri eutsan.

 

—II—

        Beste gau baten, gure jentillok, barrien-barri, euren bola-lekuan bola-jokoan asi ziran. Eta, iru edo lau, edo bost edo sei jokaldi egin orduko, barriro be milla arrobako armokil andia atxean-beera bilin-bolaka joanaz, «Intxalde»ko troka-sakonera jausi yaken.

        Ori jazotean, jentil arro batek illargi aurpegi-zabalari begirakada zorrotza jaurti eutsan, agin-artean amorruz auxe iñoala:

 

                Illargi zirtzilla!

                Bolearen saltoa

                ik galduriko tantoa!

 

        Eta orduan, illargi aurpegi-zabalak, jentil arroaren soin errimea armokilla bizkarrean eukala, «ene!» esateko be asti bagarik, indar bereziz beraganatu eban. Sorta astuna bizkarrean eukala, batetik-bestera munduan-zear ibilteko eroan eban.

        Lagunaren zoritxar andiak, enparadu jentillak lau orrien ikaraz jarri ebazan. Eta, areitariko batek, illargi asarratua bigundu gurarik, armokilla jaustearen errua laiño-zearka ebillen ego-aize ikuseziñari ezarri eutsan:

 

                Aize, aize, en az errudun.

                Gure bolea aize-bitsetan euk eroan.

                Ibili ta ibili, eta ikusi ez.

                Oa, oa eure bidean-zear,

                guztiok baketan itzirik...

 

        Eta ego-aizea be, jentillaren berba garratzak entzunaz, asarratu egin zan. Eta indar andiz txistuka asita, Untzillaitzko jentil guztiak bere altzo miragarrian artuta eroan ebazan. Eta, aldi luzetan aize-putzetan laiñoan-zear bakankiro erabilita, urrengo gabean inguruko aitz-mendietan sakabanatuta itzi ebazan: batzuk Mugarra-n, beste batzuk Arranaitz-en eta Artzate-n eta beste mendi erpin batzuetan geratzen zirala.

        Gaberdiko illun-une itzal-bildurgarritan, jentil guztiak, santzoka asita,

        —¿Ze arrano dok au? —iñoen—. Indartsuak eta errimeak gareala, baiña... or goian ba-yagok gogorragorik. Eta guztiak, era batez mendi-txuntxurretan belaunikotuta, ego-aizeari bular-joka parkeskatu eutsoen.

        Alako erregu beroaz, ego-aizearen txistu bildurgarria bat-batean isildu zan; ego-aize indartsua bigundu egin zan, adiskidetu egin zan. Eta, jentil guztiak barriro bere altzo miragarrian artuta, Untzillaitz-erpiñera ekarri ebazan.

        Erpin aretan be guztiak era batez belaunikotu egin ziran, illargiari euren lagunaren alde erregu sutsua egiteko. Eta, ordu berean, illargi asarratuak be, bere asarre guztia beraganatuta eukan jentil arroa, beronen adiskideen erreguak zirala-ta, Untzillaitz-erpiñera armokilla ta guzti jaurti eban. Orduan bai ango poza ta zaratea! Pozaren-pozez ikotika asita, luzaroetan «Kiribio-dantza»n jardun izan eben, euren barruko poza zelan-alan agertzeko.

        Otzortia-ko jentillak, bola-jokoan bakarrik ez, baita palanka-jokoan be ederto baten jokatzen ei-eben. Palankari errimeak ei-ziran. Arein palanka astunak Untzillaitz-tik Anboto-ra ta Mugarra-ra jaurtiten ei-ebazan.

        Bein, jentillik indartsuenak eta gogorrenak «norgeiagoka» pala-joko errime bat egitea erabagi eben. Eta, matraka ta eztabaida asko eginda, gero, orretan jarduteko gertatu ziran.

        Leenengoak, palanka sendoa eskuetan eukala, menditxuntxurrean gerri-zutik, auxe esan eban:

 

                Oa, oa aize-putzetan,

                oa arin Larrano-raiño.

 

        Eta esku indartsuz jaurti eban palankea, Larranoraiño bertaraño eldu zan.

        Bigarrenak be, bestea lez jagita, gorantz begira, auxe esan eban:

 

                Oa, oa aize-bitsetan,

                oa Anboto-ko tontorreraiño.

 

        Eta beste bagarik, palankea, aize-bitsetan joanda, Anboto-ganeko labarrean beso-batez sartu zan.

        Irugarren jentillak be, palankea jaurtitean, bere guraria enparadu jentillen aurrean agertu eban:

 

                Oa, oa odei-zearka,

                oa Mari-ren kobaraiño.

 

        Eta irugarren palankea be bere ugazabaren guraria oso-osorik bete eban. Ain zuzen be, jaurtiriko palankea, irrintzi baten odeiak arin zearkatuta, Mari Urrika Anboto-ko dama ezagunaren bizitokian sartu zan. Eta palankearen zartada errimeak Mari Urrika kobatik kanpora jaurti eban; eta «dama» gaisoa, odeian-zear su ta gar joanda, Mugarrako koba nagusian sartu zan.

        Baiña gure jentillok, Mugarra-ra be, palankak jaurti ebezan. Eta Mari Urrika-k andik be nora edo ara anka-jokoa egin bear: Artzate-ko landara joanda, antxe aitz-baztarrean ezkutatu zan.

        Urrengo egun baten, baiña, Mari Urrika-k jentil gaizkilleari «atzeko-martitxena» ederto ekarri eutsan. Jentillok, Otzortia-ko kandan «kontu-kontari» egozala, Mari Urrika odei-ertzetik, su ta gar, buztanetik suzko txinpartak eriozala igaro zan, buztaneko txinparta mingarriak jentilartera jaurtiten ebazala.

        Orduan, ango negarra ta ango ulua! Batari, begiak erre eutsazan; besteari, besoak; eta urrengoari, ankak, eta abar.

        Jentillak urrengo egunetan, errearen miñak eraginda, negarrez eta garrasika ibili ei-ziran. Arrezkero, barriz, gure jentil errimeok Mari Urrika-ri palankarik jaurtiteko adorerik arean be ez ei-eben izan ez! Mari Urrika, Mari Urrika zalata, begiak gorantz zuzentzeko be bildurrez ei-egozan...

 

aurrekoa hurrengoa