www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kili-kili
Paulo Zamarripa
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kili-kili. Barre ipuiņak, Paulo Zamarripa (Imanol Goienagaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XLIX
INJINIRU BATEN URREBIDEA

 

                        Kili-kili-tzat eztaukat auxe,

                ointxe edestuten noana.

                        Ta ipuintzat ezin euki nei egiz,

                neure eritxian dan-dana.

                        Ba geiena da, ikusi ezpot be,

                neure txikitan jazona.

                        Alan nai olan, eukiko al dot

                dana edestuten jaz ona.

 

        Gaur eguneko txorierritar askok eztabe ezautu Osmayer injinirua.

        Ta gaur egunekoak ez eze, bere aldikoak be gitxi izango dira, gitxi be gitxi, bere urrebidearen barri dakienak. Eta uste dogu ondo egingo dogula berorren barri emotea.

        Injinirua ta priera etxaguna be bazan Osmayer injiniru on-ona.

        Beste etxe batzun artean, Asu-aldean, neure aita maitearen jaiotetxea bera be berea eban, ta Asuen bertan be baeukazan bereak iru edo lau.

        Asue bertoko maizter bat (errentadore bat) atzeratxu ebilkon errenteagaz beragana elduteko zerean.

        Ta egun baten berak, Osmayerrek, maizter onen atzerakuntzeari luzeegitxu eretxinda, badiño:

        —Ez ba! Ez noako geiago itxaroten! Joan egingo natxako neu... ia zer diñostan!

        Ta esan ta egin, ez esan eban baizen arin baña, joan jakon.

 

* * *

 

        Oraindiño egin barik egoan, orduan, gero berak egingo eban burdinbide txorierritarra, Lutxanatik Mugierakoa; ta Bilbon bizi zan bera ta, Bilboko Areatzan arturiko zalpurdi baten (kotxe baten) sartuta egin eban Bilbotik arakoa.

        Maizter atzeratua ez eban, orraitiño, aurkitu etxean.

        Bere ordez, sei une inguruko neskatotxu bat eta lau urte inguruko mutilkotxu bat aurkitu zituzan atartean, aulki zar baten ganean eukien une bi inguruko aingerutxu gonadun bateri, euroneko txatxan faltsokotea dala ta, txeratxuak egiten deutsiezala.

        Ikuskizun au atsegin egin jakon, ta alkarreri txeratxu zein baiño zein gozoagoak egiten iarduen iru aingerutxuokana joan, ta banan-banan irurai euron antzeko txeratxuak egiten asi zan bera be, konkortuta lez, pozaren pozez, non egoan be ezekiala.

        Irugarrenari bosgarren edo seigarren txera-aldia egiten egoala, asmau eban batabat sartuten zala atartean.

        Ta etorri barria nor dan ikusteko, irugarren aingerutxu orren burutxuaren ganetik eskua jaso, ta bere buruari eragiñaz batera, ikusi dau etorri barria ogetazortzi urte inguruko morrosko bat dala, ta morrosko onek lepoan dakarren zarankada bedarra mustur batera jaurtin, ta txapela burutik kenduaz, «egun onak» emoten deutsazala.

        —Egunon dekola, jaune.

        —Alantxe ekarri deizula zeuk be.

        —Mediku barrie ixengo da berori.

        —Zelango medikue?

        —Nik dakit ba, jaune! Mediku zarra joan jakun te, ...barrie atzo ixen da etorteko ta...

        —Enozu ezetuten, Joanpe?

        —Berorrek bai neu, antza: ba izenagaz deituten deust...

        —Ara egia esateko, zeu baño obeto etsea ezetuten dot. Ba, aspalditxuon ekusi ezpadot be, gaztetxuten, sarriten etorten ixen naz bertora... Zeu... eguno bein bakarrik ekusi zaitudez gaur artean... Ezkondu egin bear dozule ta... etsea ta etsaldea bear dozuzela ta... eurok eskatuten Bilbora neure etsera etorri ziñeanean...

        — A, jaune, parkatu bei! Berori neure uzaba da, oiez?

        —Bai, bat serbietako. Baie ez medikutzean. Injinirue banaz, txarra edo ona; baie medikue ez, ez ona ez txarra.

        —Baie uzaba badot berori, ta ona be ona! Eztakit neuk zer dala ta itxi deuskun ainbeste urtean errentarik kobreu barik. Oindiño lenengoa emoteko dekotset.

        —Ori... zeuk jakingo dozu.

        —Eztot jakingo ba? Baie... baki ba... berorrek bakean itxite be, naikoa nabil estutxu te... Atan be illebetez onantza. Emazteagaz be eztekot laguntasunik eta...

        —Geixorik dekozu?

        —Bai, jaune. Ta aorretxegaitik, medikue bear deula ta, mediku barrie atzo etorteko ixen dala ta, berori ekusi dodanean, mediku barri ori berori dalako gogorra euki dot.

        —Baie medikuegaz utsean eztekozue ezer. Geixoak osagarriak be bearko dituz. Eutsi...

        —Zer ataraten doa, jaune? Botikeren bat?

        —Ez; botikea ta beste gauze batzuk erosteko gauzea.

        —Joanpe, mediku barri jaun ori neu ekusi barik errezetea eginde joango da? Ene bada! —esan eban, al eban baizen indartsu, Joanperen emazteak bere oitik.

        —Ezta mediku barrie. Uzaba da, Kontze.

        —Uzaba dala diñozu? Aingeruek ekarri deudie! Esan egiozu datorrela, mesedez, onaxe, neure aurrera, aurrez-aurre berorreri eskerrak emon daiodazan zor deutseguzan errentak emon eragiteko estututen ez gaituzalako.

 

* * *

 

        Joan zan gure Osmayer on-ona, bere maizter Joanpe zintzoagaz batera, beronen emazte Kontze esker onekoaren gelara. Ta antxe entzun zituzan esker ona erakusteko iñoren agotik iñoiz ordurartean entzun zituzan lango berbak... Eta «arin osatuteko» ta «osasunegaitik egiteko» ta «ezteutsiela berari mesederik zor, Jainkoari baño» ta olango berbakaz erantzunda, senarrari emon eutsan lango ogei ogerlekoko papera berari emonik, eurokaitik zelan eskerrak emon ezean itxiten ebala, urten eban gelatik, negar-malkoak begietara urtengo ete eutsien bildurragaz, ostean urten gura izango eban baño apur bat ariñago.

        —Baie, jaune, ezta naikoa ba errentak emon eragiteko estutu eztea (ez estututea)?

        —Ez, ezta naikoa. Orrekaz... ogei ogerlekokaz... etse au edertuteko Jainkoak emon deutsuezan iru aingerutxuai jantzitxu barriek egitea gure neunke... Ta zeu arin osatu.

        —Baie, jaune...

        —Tire, naikoa da...! Ez geiago nekatu eskerrak emoten! Ta aingerutxuok zerureko azi!

 

* * *

 

        Ta iru aingerutxuai txera barriak egin, ta bere etxeko aingerutxu bientzat erosita eukazan gozoak euroi emonik, eta Joanperi agur gozo bat, gozo arek besteko gozoa, eskua laztanik estutuaz, egiñik, Bilbora biurtuteko begira eukan zalpurdira (kotxera) joan zan, bere buruari diñotsala:

        —Errentak kobretako asmotan etorri, ta errentarik kobreu ez... ta berrogei ogerleko itxitea gertau jatak berton. Baterako, barreak egiteko ipuiñe dok auxe. Baie poztutekoa be badok urrean. Ba neuk beintzet iñoizko pozik andiena asmaten joat ointxe neure biotzean.

        —Baukozu zeri pozik egon, adiskidea —asi jakozan esaten txeraka-txeraka, belarri-belarrira, egodun aingeru batzuk. Baukozu, bai, zeri pozik egon. Merke-merke, ta arin be arin, burdinbidea barik, urrebidea egin dozu erri onetan. Zeru-bideari jaokon urrebide eder-eder bat... zeutzat.

 

aurrekoa hurrengoa