www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kili-kili
Paulo Zamarripa
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kili-kili. Barre ipuiņak, Paulo Zamarripa (Imanol Goienagaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XI
BETOR!

 

        Euskaldun guztiak euskalzaletuteko, ondo izango litzake euskalzale guztiok aberatsak izatea.

        Aberatsak bagara gu, zetan esan bear ze.

        Gu guztiok gara aberatsak euskalzaletasunez.

        Baña diruz... lekutan dago Barakaldo!

        Lekutan dago Barakaldo! esaten da, Txorierrin, izatetik urrun dagon gauzeagaitik.

        Eta gure diruzko aberastasuna, nirea beintzat, izatetik urrun samar dago.

        Baña gatozan arira, dirura ezkoazan bitarte onetan.

        Euskaldun guztiak euskalzaletuteko ondo izango litzakela euskalzale guztiok aberatsak izatea... diruz, guztiok arin ikusi geinken gauzea da, orretarako dirua naikoa euki ezkero.

        Euskaldun erdalzalerik andienak euskalzaletuko geunkez; ba euskaldun erdalzaleak diruzaleak direana guztiok dakigu, eta dirua parra-parra euskalzale izateagaitik emotea izan ezkero, agertuko litzake ortik, euskaldun erdalzale artetik, euskalzale barri bakotxik...!

        Baña, baña... zorioneko baña...! eztaukagu geuk orretarako naikoa diru, ta naikoa diru daukon aberatsik be ez jaku agertuten orretarako parra-parra opaka.

        Euskaldun guztiak euskalzaletutea lartxu bada, beste gauza on baterako emon lei.

        Euskerea bera aberastuteko.

        Ez diruz, ba Euskereak eztau bear dirurik; eta ezta berbaz bere, ba berbaz, naikoa dauko aberastasunik beragan.

        Euskerea aberastuteko diñodanean, bera ibiltez aberastuteko esan gura dot.

        Euskereak bear daun aberastasuna ibiltezkoa da. Dabillela, dabillela albait lekurik geienetan, albait aborik geienetan: auxe da opa bear deutsagun aberastasuna.

        Euskaldun guztiak euskalzaleak izango ezpadira be, geienak izan daitezala.

        Ta au gauza ona izango litzake, nire eritxian beintzat.

        Eta gauza onatarako dirua parra-parra emoten dakien aberatsak badagoz Euskal-errian, Jainkoari eskerrak.

        Orra or Bilbon... Briñas jauna, esate baterako.

 

* * *

 

        Geure gauza on onetarako dirua parra-parra emoten Briñas bat agertuko balitz...

        Baneunko ta balitz alkarren atzean dabiltz, diñozu, irakurlea?

        Ori egia da; baña neuk diñodana bere bai.

        Briñas bat bageunko...

        Briñas bat Euskereantzat agertuko balitz...

        Tira! Amesetan, amesa egi biurtuko dalako amesagaz, eskutitz labur auxe egin eta bialdu dot:

 

                B. Jaunari.

                Bilbon.

        Jauna: Berorrek baki gauza onatarako dirua emoten. Bai, parra-parra.

        Ona emen beste gauza on bat: Euskereari indarra emotea.

        Berorren esku emollearen begira dago au gauza on au.

        Betor ordu onean!

 

aurrekoa hurrengoa