www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kili-kili
Paulo Zamarripa
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kili-kili. Barre ipuiņak, Paulo Zamarripa (Imanol Goienagaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XLII
BADOA IKASIAZ

 

        Bein baten, Sondikako sakristau Txomin selebreari, lenago be iñoiz aitatu dogunari, bera sakristau zan elizearen aurreko landan zeregin bat egiten egoala, bidezti gipuzkoar batek, beragana eldurik, itaune au egin eutsan:

        —Esango didazu zein dan Sondikatik urren dagon erria?

        —Sondiketik urren daon erria auxe berau da, adeskidea —erantzun eutsan berak barreka.

        —Umore ona dezu noski. Ez al da ordea erri au Sondika bera?

        —Bai, ba... Ta... zein erri urrao Sondiketik Sondike bera baño?

 

* * *

 

        Sondikatik urren dagon errian jazoriko izkirimiri polit au esan ta gero, Erandiotik urren dagon erriari jazoriko beste bat esan gura neuskizu, irakurle maitea.

        Erri onetako elizan antxiña baten ez egoan organurik.

        Eta alango baten, erriko abade ta Udalak (Ayuntamientuak) artu eben erabagia elizako koruan organu eder bat, nondik edo andik ekarrita, iminteko.

        Ta imiñi be egin eben, euron aginduz, batabatzuk; eta ederto imiñi be, altara nausira begira.

        Organistarik, ez egoan ekarri bearrik eta, ez zan ekarri.

        Eztot esan gura onegaz organistarik bear ez eban organua zala koruan altara nausira begira imiñiriko organu ori.

        Esan gura dot errian bertan egoala organu ori joteko beste musika ekian mutilla.

        Ta berau imiñi ebela organisteru.

        Gauza bigaitik: organua joten jazean ekialako ta erriko semea zalako.

        Organisteru imiñi eben egunaren urrengo jaian asita, beti be bai baña, atan be meza nagusietan, jenteari atsegiña emoteko alegin zintzoak egiten zituzan mutil orrek.

        Mutilla zan bera orretan, ostean be bai baña.

        Lenengo jaiko meza nagusian, erritarrak zelan artuten eutsien ikusteko, gauza polit samur, gozo-gozoak jo zituzan bere organu maitean, eurai egokiezan soiñu zarata bigunekoak organu maite berari atareaz.

        Jakin bear zan gero meza nagusi atan egoniko gizonak zer eritxi eutsien.

        Arin jakin bear eban zer eritxi eutson Anton eritxon batek.

        Elizatik urtenda, elizpean oña imiñi ebaneko, asmau eban an mustur baten egoala Anton ori lagunen batzukaz, berak organuaz baño berbeaz zarata geiago egiten ebala; eta onek berbatxuok atrapa eutsazan:

        —Polito jo ete deun diñozu? Nik berori joko neunke zeozegaz polito edo al dodan lez. Orren organu jotea ta zain errea... bat antzean. Ije entzun be ez jako eiten ta...!

        Berak, organisteak, ondo entzun zituzan onek berbatxuok, eta iñor ez eukan alboan ezer berari esateko ta... bere buruari esan eutsan:

        —Datorren domekan, Jainkoak gure badau, egin bear dot alegiñe gixon orren gogoaren erara joten ba...

        Esan ta egin.

        Urrengo domekan... zarata onik eragin eutsan bere organuari.

        Elizea bera etorrela esan eikean bere tresna maite orreri berak ataraten eutsazan soiñu indartsu ta durundutsuakaz.

        Meza nagusi aren ostean, ain zuzen be, Antoneri ta bere berba-lagunari elizako ate nagusiaren ondotxuan geratutea gertau jaken; ta organisteak, berak elizatik urten ebanean, ikusirik an Anton bere lagunakaz, eurokana joan ta guztientzako «egun on, gizonak» esan ta gero, Antoneri, lepoan jota esan eutsan:

        —Ta... Anton... gaurko organu jotea gusteu jatzu ala?

        —A... bai, jaune; gusteu jat! Badoa berori ikisiez (ikasiaz).

 

aurrekoa hurrengoa