www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kili-kili
Paulo Zamarripa
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kili-kili. Barre ipuiņak, Paulo Zamarripa (Imanol Goienagaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XLIV
MORROI BATEN IPUIÑA

 

        Deustuko baserritar batek, bere etsalderako morroi bat bear eban ta, Arrati aldean dagozala mutil solo-langille besterik ez langoak entzunik, beren-bererik Arratiara joan zan, eta Arratiko erri baten (Arratiak erri asko daukoz)... Arratiko erri baten zuzendu eban bere etsalderako bere bizikoa eritxon mutilla.

        Begiratu baten, itxurazkoa zan izan be.

 

                Arratieko zekorra,

                txikerra, baie gogorra,

 

da esakunea Txorierri aldean.

        Ta a mutilla... gogorra zala ikusteko, bere lepo zabal eta eskutur-motroai begiratutea baño ez egoan.

        A zan mutilla... jateko opilla.

        Txorierrin bertan esaten da au be.

        Ta Arratiako zekorra... txikerra izaten dala, baña a mutilla andia zan, andi-tzarra.

        Alan da ze, guzurrik esan barik esan eikean beragaitik Deustuko baserritar arek andia ta gogorra zala. Ikusi ebaneko egin jakon atsegin.

        Eta bere amagaz egun batzuk barru bialdutekoan geratu zan.

 

* * *

 

        Eldu jakon mutil ori, ez arik egun batzuk barru, baña bai arik illebetegarrenean, bere amak egiñiko jantzi barriak soñean... eta zarrak zorrotxu baten dituzala.

        Ain zuzen be, San Pedro aurreko egunean, San Pedro bezperan, illuntzetxuan.

        Urrengo egunean, jakiña ba! San Pedro eguna zan ta, egun ori Deustun konbidedu-eguna izaten da ta... konbideduen antzera emon eban eguna.

        Ta biaramonean be, San Pedro bigarrena dala ta bigarren konbidedu-eguna izaten da ta... egun atan be beste ainbeste.

        Irugarren eguna be eldu zan... baña... suertez be, jai-eguneko jantzita, ba domekea izatea gertau jakon; ta eztago esan bearrik ez eukala egun orretan be beste bearrik egin bearrik maikoa baño.

        Maikoa itxura baten egiten eban.

        Ta maikoaren antzera egingo ebala solokoa be ta, adurra'44 dariola begiratuten eutsan ugazabak abora kopua eroaten eban bakotxean.

 

* * *

 

        Laugarren eguna, astelena, bearrari, soloko bearrari Arratiko mutil anditzar gogorrak oratuteko eguna, poz-pozik agertu zan Deustu-ganean, gure morroi orrek bearrerako zelango jaza erakusten eban ikusi gurarik.

        Ez eban orraitiño ikusi beingo-beingoan.

        Sakontxu egoan gure morroi ori, eguna ta ugazaba bera soloratu ta gero be.

 

* * *

 

        Ugazabak, bere bearraldia egin ta gero, gosaria (almorzua) jaten etorri zanean, iñoizko lo-zaratarik andienak egiten aurkitu eban.

        —Ia, Martzel! —dei egin eutsan gela ondora elduta—. Jagiko gara ala?

        —Ein bearko dogu zeozer —erantzun eutsan izara artetik.

        Jagi zan alango baten.

        Ugazabak, bere aurrean ikusi ebanean, zeozer esan barik ez egotearren edo, badinotso:

        —Onezkero... ezin joan geintekez iñora gosaldu barik (almorzau barik).

        —Ez ba!

        Gosaldu eben, zeiñek baño zeñek gogo obeaz, ugazabandreak atara eutsiezan gosariak polito janagaz.

        Eta Martzelek, berea jan ta beingotxuan, atarterako bidea artu eban, ugazabari diñotsala:

        —Laster urten bearko dogu ba, uzaba.

        Eta atartera eldurik, bertan egoan ira-pilo baten ganean etxun zan zabal-zabal ta luze-luze.

        Antxe aurkitu eban ugazabak... berantzako atxurra non ete dagon begiratuten urten ebanean. Ta arriturik esan eutsan:

        —Etxunde, Martzel? Ta jai-eguneko jantzite?

        —Bai, ba. Emen egon naz berorren begire, noz urtengo ete dogun errie ta inguruek ekusten. Bale berori, atxurre lepoan daula ekusten dot eta, solora doa, antza.

        —Ta ... zeu ez ala?

        —Ni ... neu...

        —Zu... zeu... nik, ...bear egiteko ekarri zaitudez.

        —Oi! Bear egiteko ekarri naula? Orretarako... nik anajea daukot ona. Baderitxo, eskribidu leio amari bialdu daigula.

 

aurrekoa hurrengoa