www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kili-kili
Paulo Zamarripa
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kili-kili. Barre ipuiņak, Paulo Zamarripa (Imanol Goienagaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XXXVII
AZURRIK AUSI ETE JAKO?

 

        Ni umetxua nintzala, neuk ondo dakidan eta asko maite dodan erri baten, osagille bizkor-bizkor bat bizi zan.

        Bizkorragorik ezta ezautu erri atan ez Txorierri guztian.

        Bere bizkortasuna gauza askotan erakutsi eban berak; baña, batez be, zaldi bizkorrak eziten ta lagun elbarrituen azurrai ukututen.

        Edozein zaldi bizkorreri berak gura eban guztia eragiten eutsan, bera ganean zala: eskalleratatik gora igon, eskalleratatik bera jatsi... ta ... zer ez?...

        Ta lagun elbarrituen azurrakaz berak gura eban guztia egiten ezpaeban be, berak gura eban lez erabilli bai egiten zituzan: bata jo, bestea dendatu ta bestea sakatu egiten zituzala; guztiai, banan-banan, bigun edo gogor ukutuaz.

        Bere eskuetan jausten zirean lagun elbarrituak itxi egin bear izaten eutsien euron azurrak olantxe... berak gura eban leztxe... erabilten.

        Ba itxi ezean, atsekabe andia emongo eutsien, ta ez eben gura atsekaberik izan egian eurok ain maite eben osagilleak.

        Bera be, gero, bere aldetik, ondo portetan jakien euroi. Zeinbat gura ai-ene egiten itxiten eutsien.

 

* * *

 

        Egun baten gertau zan, errian bertan, etxe barri bateri telletua botaten ebillen arotz bat goiko tella artetik beko tella artera jaustea.

        Ta ain zuzen be, ordu atan, erri guztiak ain maite eban osagille ospetsu ori geurean egoan; zeatzago esateko, bean, dendan; ta bertora ekarri euskuen arotz gizajoa.

        Artu eban gure osagille maite orrek berorren kontura, ta dendearen atzeko gelara eroan eban... An arotz elbarrituari zer egiten eutsan ez gendun ikusten; baña ai-ene onik entzuten gendun.

        Dendako erakustoki-aurrea (mostrador-aurrea) beingoan bete jakun lagunez.

        Ta, jakiña! guztiak eukien arotz gizajoak ezbear atatik zelan urtengo eban jakin gurea.

        Ta batek, ainbeste ai-ene entzunik, ixillik ezin egonda, itandu be egin eban:

        —Azurrik ausi ete jako, gazteak?

        —Ona artean, eztot uste; baie jaun orren eskuetan dabillela... jakin ez ba... erantzun eutsan ama besteko alde dodanak.

 

aurrekoa hurrengoa