www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kili-kili
Paulo Zamarripa
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kili-kili. Barre ipuiņak, Paulo Zamarripa (Imanol Goienagaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XLV
ORDUAN... EZ EGIN!

 

        Orain dala eztakit zeinbat urte, neure aitaita-amamen aldian, edo, bear-bada, zerbait lentxuago, Txorierriko erri bateko etxe baten, eta neguko gaurik otzenetariko baten, gela baten baña oe banatan, zein baño zein zabalago ta zein baño zein politoago, mundu onetako ardurarik bapere barik, lo egozan neu baño urte batzuk lenago jaioriko anaitxu bi.

        Batak ez besteak ez eben otz asko asmaten lo egozan bitartean.

        Baña alango baten, gauberdi inguruan, bietarik bat itzartu egin zan.

        Azkureak iratzartu eban gizajoa.

        Ta azkurea kenduteko atz egitea ondo izango ebala ta, atz egiten asi zan, iñori ezer esan barik.

        Baña ikusi eban ez eutsala kontuak ondo urteten ta, beste oikoak, bera baño zartxuago be bazala ta, geiago ekiala ta, beste oikoari deitutea otu jakon.

        Bada-ezpadan be, otzak edo lapurren batek atrapau ez egian edo, bere oitik urten barik.

        Deitu eutsan ba bere anai zartxuagoari:

        —Martintxu!

        Martintxuk berak ez eukan azkurarik, eta lotan jarraituten eban, bere anaitxu azkuradunaki jaramon barik.

        Baña azkuradunak, kontua eukala barriro deituteaz ta, barriro deitu eutsan, ta bada-ezpadan be, artean baño indartsutxuago.

        —Martintxu!!

        —Zer gudok, Antontxu? —erantzun eutsan Martintxuk bigarren deira.

        —Ene! Azkurea dekot!

        —Azkurea badekok, atz egin.

        —Baie... min egin!

        —Orduen... ez egin!

 

* * *

 

        Nik eztakit zer eritxiko eutsan Antontxu azkuradunak bere anaitxu Martintxuren esate oneri.

        Baña bai esan lei beste orrenbeste esan leikiola ume nai ainbako bateri baño geiagori.

        Ba argi be argi dagola esan lei obeto dala norbere buruari kalte egiteko eran atz egitea baño, azkureari jaramonik ez ta, atzik egin barik egotea.

        Norbere buruari kalte egiten jakola atz egin gura izatea umekeria baño geiago zorakeria da.

        Ta pekatu egiten dabela jakiñik... au edo bestea egiten dabenak... au edo bestea egiten dabenean, ori dakiela, euron griñak edo mundu nabarmenak edo beste mutillak (Txerren Prakagorrik) emoniko azkureari jaramonda atz egiten dabe.

        Barre onik egingo dau beste mutil orrek, eurok olan azka ikusita.

        Ta barre luze onik egingo deutsie... emen euron buruari kalte egiteko eran atz egiteko jaza erakutsirik, kalteok osotu ez ta, beragana doazanai.

        Berak egingo deutsie atz... berak dakian lez... Antontxuk bere gorputzari baño min geiago egiten deutsiela. Eztaigula ikusi mutil ori geuri azka, irakurle maitea! Eztagiala barrerik egin geure lepotik!

        Bere gogoaren erara geure ariman atz egiten imiñi gura gaituzanean, Inpernura jausteko orduan sortu ta geiago ebagi barik daukazan bere atzazal baltzentzat... gorantziak emon... eta bakea.

        Bera barreka eztogula ikusi gura.

        Atz egiten badaki be... barre bear dan lez egiteko gatzik eztaukon gazbako andi bat dala ta... eztogula ikusi nai bera bere ganorabako barreak egiten.

 

aurrekoa hurrengoa