www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kili-kili
Paulo Zamarripa
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kili-kili. Barre ipuiņak, Paulo Zamarripa (Imanol Goienagaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XXVIII
ASUERO ZER DAN

 

        —Jainkoarren, zagoze geldirik eta ixillik, gizonak! —deitu eban Txomiñek, Txandreseri ta Kepari begira. Ta itxi daiogun Peruri esaten esateko daukana.

        Ta Peruri berari begiratuta, esan eutsan Peruri berari:

        —Tira, Peru, esan esateko daukazuna!

        —Nik esateko daukadana arin esatekoa da.

        —Arin esan ba, apal-ordua be egin jaku ta.

        —Bai, nik esateko daukadana, gauza andia dala, arin esatekoa da, itxiten bajat.

        —Gizona, itxiten jatzu! —diñotso Patxik.

        —Olan dala, beingoan, berealaxe, txistua baño ariñago esango deutsuet.

        —Esango ete dozu bein, Peru? Zer da esateko ori? —diñotso Txomiñek.

        —Asuero, nik entzun dodanetik, euskalzale... andia dala.

        —Ezta euskalzalea; ez andia, ez txikia —urteten deutso Kepak.

        —Banenkian nik...

        —Euskalzalea eztala jakiñik, ez zenduan esan bear ba... badala —diñotso Txandresek. Ai, Peru!

        —Itxi eidazue berbea amaituten. Esan gura izan dot banenkiala nik onek, Kepak, ezetz esango eustana.

        —Eztalako! —erantzuten deutso trumoi batek lez Kepak albo-albotik.

        —Ene bada! «Eztalako», diñost garratz-garratzik...! Ezta ortako? Au tamala! Eztala euskalzalea...! Aor ba! Poz-pozik egon naz neu badala ta...!

        —Ba ezta «euskalzalea», «euzkalzalea» baño.

        —Gizonak —diño orduan Txomiñek-, ziur jakin bear dan gauzea da orixe.

        —Ziur jakiteko, uste dot onena izango dala Asuerori berari itaundutea —oartuten dau Patxik.

        —Berak «euskalzalea» dala esango dau, bear bada ­diño onetara Kepak , baña «euskalzale» dala badiño, eztiño ondo.

        —Orretara, auzia erabagita dago —diño Txandresek—, Kepak eroan dagiala beronen tantutxua, tantutxu ori emoten ezteutsagulako, biar artean beronegaz eztabaidan egon ez gaitezan; baña emon dagiogun tantutxu ori, erriari erakusteko eskubide barik emoten deutsagula esanagaz, bakearren bakarrik emoten deutsagun ezkero; ta Asuerori geure atsegiña erakutsi... ta txalo gogorrak jo, berak ain polito «kirio irukotxa» joten daulako... ta «euskalzalea» dalako.

 

* * *

 

        Ta olantxe amaitu zan batzarra.

        Baña nik neuk, neure izenean, batzar orretako eztabaideaz zerikusi andia daukon gauzatxu bat daukat esateko.

        Ta ez neunke amaitutzat itxi gura... batzar ori dala ta eztala... edo obeto esateko... bertoko eztabaidea dala ta eztala... artu dodan lana, gauzatxu ori esan barik.

        «Euskal-erriko aberatsen buruko miña» da gauzatxo ori, Ta izen berorregaz urtengo dau, Jainkoak gura badau, laster, albait lasterren.

 

aurrekoa hurrengoa