www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kili-kili
Paulo Zamarripa
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kili-kili. Barre ipuiņak, Paulo Zamarripa (Imanol Goienagaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XL
IKETZAKO ABADE ZARRA

 

        Iru berbadun izen onegaz aitatuten da sarri, albo-errietan beintzat, Txorierriko erri baten, nire txikerretan parroko izan zan abade jaun don Iñizio on-ona.

        Alan nai olan, iru berbadun izen ori bera lketza izeneko etxean jaioa, ta abadea ta zarra izatetik etorri jakola esan lei.

        Zarra bazan neuk ezautu nebaneko be.

        Baña, orraitiño, ez zan joan beste mundura neuk meza batzuk erason barik.

        Ain zuzen be, berak irakatsi eustan, urrean, mezea erasoten.

        Ta ze ondo artuten ginduzan berari mezea erasoten geuntsan mutilko guztiok!

        Emon be egiten euskun txakur txiker bat edo beste.

        Ta emoten euskun txakur txiker orreri asko eritxiten geuntsan... eskekorik geure aurrean beragana etorten ez zan artean.

        Eskekorik geure aurrean beragana elduten zanean, eskekoari txakur andia edo txakur txiker bi emoten ikusten gendun, ta orduan... jakiña...! geu be eskeko izan gurean iminten ginduzan.

        Ta barriz... eskean urteten lotsa izan ta... ixillean berari eskatuten eutsien eliztarrai zeinbat emoten eutsien... jakin ez.

        Zur ibilten zan bera olangoai... eurok baño bestek jakin barik... limosnea emoteko zerean; osterantzeko gauza batzuetan ain zur ibilgo ezpazan be.

        Tira! Zur ibilteko alegiñak gauza guztietan egingo zituzan, baña ona besteko aiztukorra zan ta, sarritan non egoan be aiztuta egoten zan.

        Ta olango aiztuteakaz, berari.zor jakon lotsa ona galdu eragin barik baña, barre andiak eragiten zituzan berak.

 

* * *

 

        Albo-erri batera berbaldi bat egiten joan zan baten jazo jakon aiztute guztien aiztugarria.

        Euria zan ta, bere kalterako, aterki-pean (guardasol-pean) joan bearra gertau jakon.

        Ta zorionean, albo-erri bereko eliz-aurrera eldu zanean, ikusi eban kanpantorreko erlojuan ordua ija ganean egoala; ta batetik berbaldiaren ardureak, eta bestetik orduarenak, aiztu eragin eutsien elizan sartuteko aterkia itxi bear ebala.

        Ta or doa gure don Iñizio elizearen erdi-erditik be, trapatrapa, aterkia zabal-zabalik buru-ganean daula.

        Elizan dagozan lagun batzuk barreka asten dira.

        Baña berak eztau oindiño barrerik entzun; ta aurrera doa alantxe bere bidean, ta alantxe jarten da (paretan da) belauniko altara nausiaren aurrean.

        Orduan, barre-estuak larregian geiago eginda, koruko batzuk barre-zantzo bat edo beste egiten dabe.

        Ta barre-zantzook entzunik, beragaitik izango direala baño geiago konturatu barik, jagiten da bera, jarten da korura begira, ta korukook obeto entzun dagioen, zabalik daukon aterkia gorago jasoten daula, badiño garratz-garratzik:

        —Zeri egiten dotsezue barre? Eztozue gaur artean ikusi abaderik guardasolpean ala?

 

* * *

 

        Eldu jakon, atan-orretan, pulpitura igoteko ordua.

        Ta igon eban, ta ederto asi be bere berbaldia.

        Baña orra or: ...bera bere berbaldi ederrean erdi inguruan ederto be ederto dabillela... asten da aterkiaren ipuiña burutara etorri jakon bat... barrea lotu eziñik, iji iji iji... ta onen ijika dakaz biztuten da barriro beste askoren arteko barre-estua.

        Ta ixilduten da bera bat-batera.

        Ta ona emen... ordu berean ijikadak bere ixilduten dira. Eta entzule guztiak dagoz barre-estuari geiago egin eza damututa.

        Alango baten, joten dau bere burua esku eskoiagaz, berbaldiaren gomutamena biztu gura baleu lez.

        Ta ezer esan barik beste apurtxu baten egon ta gero, korura begira jarri (pareu), ta korurantz esku eskoiari eragiten deutsala, berba onek esan zituzan:

        —Ikusten dozue? Zeuron barreokaz... galdu jat sermoian arie. Ta orain... zain errea!

 

* * *

 

        Barre onik eragin eban don Iñizio on-onak bere berarizko aiztuteakaz, bizi zan artean.

        Ta baita be... negar onik egin eutsien bere eliztarrak, il zanean.

        Batez be, berak emoniko limosnakaz euron negar-malkoak bein baño geiagotan legortu zituezanak!

 

aurrekoa hurrengoa