www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kili-kili
Paulo Zamarripa
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kili-kili. Barre ipuiņak, Paulo Zamarripa (Imanol Goienagaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

XLVIII
B.A.J.1. RADIO BARRE-BARRI

 

        Nire radio-tresneak zerbait eukan bart arratsean.

        Ez eustan ezertxu bere emoten.

        Ta ezertxu be ez emoteko, zeozer eukan; ba bera ona da izan.

        Orixe esan neutsan, berau zein ona dan ikusi dagian, orretarako neuk berari ainbeste erregu eginda, ekarri neban lagunari.

        Baña lagun onek ez eustan siñistu.

        —Mutil —esan neuntsan neuk, ez ebala siñistu gura ikusirik , nik onegaz ainbeste estaziño entzuten joataz besteetan: Donostia, Bartzelona, Milan, Erroma, Praga, Arjel... ta etxakiat zeintzuk geiago.

        —Aiko or ba: orain Durango be ez joaguk entzuten. Onetarako ekarri nok?

        —Bajiñoat: gaur zeozer jaukok.

        —Ba... jaukona emon bear leukek. Baña ikusita jaok ez joala ezer emoten. Argi jaok gauzea.

        —Ez neuk gura najeunkean baizen argi. Eztok ikusten argiak biztu barik jaukozana? .

        —Alantxe dok! Baña onek zertxuok zetarako jozak ba, argiak biztuteko baño?

        —Baita ixita jaukozak!! Nire burua!!

 

* * *

 

        Eragin neuntsien neure eskuaz lagunak bereaz erakutsiriko zertxuoi, ta euroi eragiñaz batera, laguna ta neu biok ikaratuteko besteko eupada bat entzun genduan, tresna maitearen lau argiak argitan ikusten genduzala.

        —Eup!! —egin euskun.

        —A, mutil, atean jaok batabat! —esan eustan lagunak, eupada au entzunik.

        —Nongo atean?

        —Nik jakiat ba?

        —Ezpadakik, ago ixillik! Beti be ondo dok geu ixillik egotea radioa entzuteko.

        —Tirok ba! Ixillik egongo nok ba... Baña... orretarako... berori eztaitoala ixillik egon.

        Eup!! —entzun genduan barriro, artean baiño be indartsuago, ta bigarren eupada au baizen indartsu belarriratu jakuzan beronen atzetik etorririko berba zoli onek:

        BE. A. JOTA. BAT. RADIO BARRE-BARRI.

        Nire laguna, berba onek bere erara ulertuta, barre-zantzoka asi zan.

        Ta barre-zantzoka ta neure radio-tresna eupalariaganantz eskua luzatuta, aratiñik jausi zan, radio-tresna berari auxe diñotsala:

        —Banekian bea jota agoana ta radio barregarri bat azana, baña euk autortuko ebanik enajoan esango.

        —Euk, bai... jo dok bea, adiskidea —erantzun neuntsan neuk, neure radio tresna maitearen ordez—. Baña ago ixillik. Beteik emon doan berbea. Ba esan dok ixillik egongo azala beronek ixillik egoteari emoten ez jeutsan artean.

        —Egia dok ori be... Ori be egia dok... baña... —esan eustan lagunak, beragaz batera jausiriko aulkia jasoten daula—, nor egongo dok ixillik orrek esan joana entzunda? Etxok esan ba Bea jota bat: Radio barregarri?

        —Ez txarto ulertu deutsak, urrean. Onek, ez beronek emon joan estaziñoak ezin esan leikek olangorik.

 

* * *

 

        —Eup!! —egin dau barriro guk ezautu gura genduan estaziño indartsuak.

        —Ixo! —egin deutsat neuk lagunari, bada-ezpadan, bigarren barre-estuak monda, barre-estu berorregaz bigarrenez jausita, aulkia ausi eztagian.

        —BE. A. JOTA. RADIO BARRE-BARRI. BERREUN KILOBATIOGAZ.

        Auxe diñosku orain neure radio tresneak, estaziño ain indartsuak erasonda.

        Ta nire lagunaren barre-zantzo izan gurako irribarreari jaramonik egin barik, aurrera jarraituten dau berbaz, laguna bera be ija ikaratuteko besteko indarragaz, bioi argi ta garbi auxe diñoskula:

        —Eztago Bizkaian estaziño andiagorik au baño. Pagasarri guztia beronena dau. Mendi guztia: betik asita tunturrerañoko guzti-guztia. Orretxegaitik berorregaitik eta Bizkaian lenengoa dalako dauko izen au: BE. A. JOTA. BAT. Eta RADIO PAGASARRI barik, RADIO BARRE-BARRI imiñi deutsagu abizena (apellidua). Ta bakizue... zegaitik? Barreak eragiteko ta barriak emoteko sortu dogulako. Eztozue iñoiz entzun arako Artolak dauko, Artolak dauko, Artolak dauko plantea? ba onek, estaziño onek, Artolak berak baño be planta obea dauko. Ikustea da au mendi au, atan be edurrez zurituta dagoanean. Ta entzutea izango da, gaurtik aurrera, estaziño oneri. Berreun kilobatiogaz dabil berau...

        —Guzurra!! —urteten deutso lagunak.

        —Egia badok, eztok guzurra! —erantzun deutsat neuk oneri.

        —Ori beti guzurra!!

        —Itxi eidak entzuten, mutil.

        —Ez deuat itxiko olango estaziño guzurtiari entzuten!!

        Ez deutsat ondo eritxi au esateari, ta neure asarrea erakusteko, lagun ganorabakotzar oneri koskorreko bat emotea otu jat.

        Eta baita emon be.

        Baña bere buruko koskorrean emon bearrean, oe-aurrean daukodan gau-maian.

        Berbaz baleki, esango leuke onek be zeozer.

        Amesetan ibilli nazala edo...

 

aurrekoa hurrengoa