www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Kili-kili
Paulo Zamarripa
1930

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Kili-kili. Barre ipuiņak, Paulo Zamarripa (Imanol Goienagaren edizioa). Euskal Editoreen Elkartea, 1991

 

aurrekoa hurrengoa

X
MAITETXO

ERREBISTATXU POLITA

 

        Onek... Bermeo onetako Gaubeka liburu-irarle (inpresore) onek... autsak daukoz.

        Eta eurak onak.

        Nire Gramatica Vasca argitaratu ta gero... geldirik ezin egon ta... Maitetxo izenagaz, euskerazko zeru-usaindun liburu orri biko bat eztau atara ba?

        Ta zelangoa gero!

        Azal barik... baña polit-polita!

        Eztauko azalik ez azurrik.

        Mamin utsa da.

        Ta irakaspen andikoa.

        Bai. Orri biko liburutxu polit onek gauza asko irakasten dituz.

        Gizonak lez biziten, kristiñauaren bizikerea egiten... Eta barre egiten bere bai.

        Beronen ipuin ta izkirimiri barre eragingarriak irakurrita, barre egiten eztaunak... eztau bere bizian ikasiko barre egiten.

        Barre egitea, barriz, osasunerako bererako be ona da.

        Ni neu, barre egiten eztodan egunean, ez nago ondo. Jakiñaren ganera berba egiten deutsut, irakurle maitea. Egunean iru bidar jaten dodan matralla eurokaz, egunean bein, gitxienez, egin bear dot barre.

        Txikitzat daukalako edo, umeentzat bere bizikoa dala uste dau bere Maitetxo au nire adiskide Gaubeka onek.

        Baña guztientzakoa da; guztiai jatorkie ondo berau artutea.

        Irakurle maitea, gurasoa zara? Erosi egizu Maitetxo au zeure umeentzat, zeuk irakurri ta gero eurai emoteko.

        Abadea, praillea edo monjea zara? Zeure dotriñara dabiltzan umeentzat errebistatxu polit egoki bat gura badozu, ona emen bat, benetan bere bizikoa dotriñetarako.

        Mutil-zarra edo neska-zarra zara? Tira, on ezta desondrea, mutil-zar txarra edo neska-zar txarra izan ezean! Baña ez egizu esan zeure buruaren ardurea daukazula bakarrik, eta zeuk zeutzat naikoa dakizula dotriñarik... eta eztozula olango gauzarik bear. Orrako zeure anai, neba, arreba, aizta, lengusu edo lengusiñen umeentzako artuizu. Ta eurai emon baño len, zeurea dozu, bein zeuk erosi ezkero ta... irakurri zeuk bere.

        Zareana zareala, irakurle maitea, itaundu egiozu Gaubekari, Bermeora bere izenagaz eskutitz bat bialduaz, zeinbat kenduko deutsun astean Maitetxo bategaitik, zeinbat astean bigaitik, zeinbat astean irugaitik eta zeinbat astean laugaitik. Astean bostegaitik bakit 30 erreal urtean kenduten dauna.

        Ez egiozu itaundu ze politika daukon Maitetxok.

        Maitetxok, polita izateko, eztau bear politikarik... eta eztauko.

 

aurrekoa hurrengoa