www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Irakasdearen eskugarria
Anonimoa
c. 1868, 2004

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]

 

Iturria: Bonaparte Ondareko Eskuizkribuak, (Rosa Miren Pagola eta taldearen edizioa). CD-ROMa, Bilduma osoaren edizio digitala. Deustuko Ubibertsitatea / Eusko Jaurlaritza, 2004

 

 

aurrekoa hurrengoa

V itzelkarra

 

        PATXIKO. Periko elizan gelditu da alik eta iru Aita gure errezatu arte, zeren galdu dituen beste ainbeste partidu. Emen dator.

        JOSE. Patxikok garaitu au, nere semea? Bai Jauna, orretan ni baño geiago da; baita indarretan ere, baña ez jakinduriko gauzatan. Erreberenzia ere ezkerreko belaunarekin egin du. —Erakutzi egiok bada nola egiten dan eta beste faltarik aurkitu badiok, eta zoazte arintxo aurrera abereai jaten ematera, eta arratzaldean ere joango gaituk bezperatara, eta aurrera igande ta jaiero; eta ez bakarrik ikasiko dek, leiaka ariaz, pelotan eta makillan eta saltoan, eta indartuko dek gorputza; baizik baita ere arima, egiñaz erretoreak agintzen duena; eta ik ere, Patxiko, ez dek galduko ezerere; baña aurrena ikasi beardek irakortzen eta gero eskribatzen.

        MUTILLAK. Agur bada, gero arten.

        INAZIO. Au erretore jakintzu ta ona daukagu! Bere aora begira egon naiz begirik erabilli gabe sermoiak iraun duen artean. Santu baten antza dauka. Eta ez nuen sinistuko aditu ez banio neronek berorrek apaizak gaiztotzat zeuzkala.

        JOSE. Engañatu zera, Inazio; nik ez det orrelako gauzarik aitatu ere. Nik ez det esaten apaizak eta pralleak eta beste elizako serbitzalleak gaiztoak dirala. Oiek ere gu bezela gizonak dira, Adanen semeak eta aren pekatuakin txertatuak, eta orregatik oien artean ere aurkitzen dira gaiztoak eta onak. Ezagutuko ezbazinduzket ezarriko nizuke ipui au: «Gure katuak bustana luze, nork bera bezela besteak uste». Batzuek beakurtutzen dituan ainbeste gorrotatutzen ditut besteak.

        INAZIO. Ordea gure erretore jauna...!

        JOSE. Gizona! Ni ez naiz ari onen eta apaiz guztiek gatik; nik ezagutzen ditut beren birtuteak eta miraritzen ditut, gizonak bezela eta apaizak bezela. «Obrak dira amore; ez itz onen kolore». Bear balitz izendatuko ninduzke franko emen eta leku guztietan elkargarri edo guziakikoari kalte andia egiten dienak. Zu gaztea ziñan eta etzinduzen esagutu nik bezela joan dan gudan, eta oraindik ez dira falta banaka batzuek.

        INAZIO. «Ipurtxori edo enada batek ez omen du egiten uda».

        JOSE. Egia da; baña gutxi oiek egiten dituzte kalte aundiak. Orduan oitu ziran Erregiñaren aginteai ez obeitzen, eta «auntza beti basora»; orain ere iñoiz baño arroagoak daude ta etzate ajolarik; zirika ari dira desobeditu edo aurkaratzeko. Onelakoak merezilukete salatzea, zeren ez duten egiten Jesu Kristok agindu zuena «emateko Jaungoikoari Jaungoikoarena, eta Zesarri Zesarrena».

        Nik deseatzen dedana apaiz jaunetatik, eta erregutzen diena nere biotzetik da beren diñadiari ondo gordetzeko ta beardan bezela errespetatuak izateko, ez ditezela sartu besteren lanetan eta alkate jaunakin, zeñetan ere aurkitzen diran onak eta gaiztoak, elkarturik egin dezatela alegiña gazteak erlijioko ta zileikindeako bidean ipintzea. Arrotzak beti miraritu dira gure oituraz eta usarioaz; baña geldi geldi ari dira galtzen. Gaur leku eder eta maite onek du izena Euskal erria baña izkuntza mirarizko au ere badijoa eskutatzen. Anziñako denboretan dudarik gabe egiten zan Españiako inguru guzietan, eta gaur mugatu da Nafarroako ta Franziako mugetan dauden erri batzuetara ta Irurak bat deitzen zaien iru probinzi euskaldunetara, zeñak dira Araba, Gipuzkoa ta Bizkaia. Baña gauza lotsa garria! Bertako semeak, onelako izen goxoa onkaitu ezdutenak, eta batzuek aitarena artu dutenak, ez dira jardun daukagun gauzarik ederrena gordetzen. Lenbizikotik utsi dute iges egiten; bada aurkitzen da erri banaka Bizkaiakoai ikutzen dieten batzuetan bakarrik. Aizkenekoatikan ere ari dira botatzen; allegatu da erdiraño, eta ez dute esagutzen erri andi eta buruko, au da, Bilbaoko semeak. Baña Jainkoari ezkerrak badirau ta iraungo du Gipuzkoa gure probinzi alaieko erri guztietan; ordea ez bere aitak deitzen diranak artarako egiten dituzten nekeak gatik, baizik bere seme gutxiagotzat dauzkaten leialtasunaren bitartez; au da: nekazariak gatik. Arrazoiarekin dagokio izen egokia Gu iz puzka. Zertarako daude bada Bergarako azitetxea eta lagunkida euskeratarron (gaur apaiz gaien eskola) Bitoriakoa? Euzkaldunak eta, naiz ez izkuntza au jakin, bertan jaio zeraten semeak, esna zaitezte, eta Luis Luziano Bonaparte Franziako prinzipeaganoz para zaitezte ta begira zaiozute ongi; eta ikusiko dezute dozena bat urte oietan gelditu bage ari dala euzkeraren edertasuna mundu guztiaren begietan agertzeko. Lotsa zaitezte edo aren antzera egizute zerbait euskararen alde bertako semeak. Oroitu zaitezte gizon aditu gure erritar batek orain 25 urte esan eta moldezko letran jarri zuenai «Euskerazko izkera gozoa gordetzen ez badezute, fueroak ere ezkutatuko edo galduko dira».

 

aurrekoa hurrengoa