www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ejerzizioak-IV
Agustin Kardaberaz
1765

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

ESPIRITU SANTUAREN ETORRERA

 

        I. Jesus gure Errege gloriosoa odeien gañean ezkutatu, ta zeruan sartu zanean, Dizipulo, ta Adiskide santuak Ama Birjiñarekin Jerusalengo Etxera biurtu ziran, da amar egun aietan erretiroan beren Ejerzizioetan, da kontenplazioan, pake santuan, zeruan bezala Espiritu Santuaren begira egon ziran.

        II. Jesus maiteak agindu zien Espiritu konsolagarria egun onetan guzien gañera, ta biotzetara jatxi, ta sartu zan. Sugar bizi, ta miñgañen antzean etorri zan, guzien biotzak argitu, berotu, ta erretzeko: oiek gero mundu guztia argiz bete, ta amorez erazakitzeko. O mirarizko sugar argi, gozo, ta bizi beroak!

        III. Apostoloak biotzetako ontzi ondo prestatuetan Espiritu Santuaz bete, ta gañez egin, da berengan kabitu ezin, da kanpora lasterka irten ziran: da etsaien bildurraz azturik zeruko deadar biziakin. Jesu Kristo Jainkoaren, Semea, onen Gurutze santua, ta gloriazko Erreinoa predikatzen asi ziran. Nork esan dezake zer milagroak, ta zer konbersioak Jesusen Izen dibinoan egin zituzten! Bada millaka S. Pedrok animak erabazi zituen; Sermoi batean iru milla, bestean bost milla: eta orrela Santuak, ta beste Apostoloak mundu guzian.

        O Espiritu dibino Konsolagarria! Atoz gugana: gure animak zure argi ederraz bete itzatzu, ta zure amorezko surtan erazki itzatzu. Amen.

        Espiritu Santua da Jainkoa bera: berezko, izatezko, egiazko Amorea. Amorio onetan zu erazakitzeko. A. S. Ignaziok lau gauza nai ditu. Lenengoa: Jainkoak egin dizkitzun benefizioak zuk ondo ezagutzea, ta zure amorio guztia obretan erakustea. Bigarrena: bere kriatura guzietan Jainkoari begiratzea: ta are geiago guztien artean nola zu bere antzera, ta beretzat egin zinduen. Irugarrena: Kriatura guzietan Jainkoak nere onerako egiten dituen mirariak ondo ezagutzea: Laugarrena: nola Jaunaren poderio, jakindea, ontasuna, ta beste birtuteak beragandik, da berak dakien neurrian gugana datozen. Benefizio oiek Jainkoaren fingabeko amorioak egiten dizkitzu: orien ezagerak zure amorioa eskatzen du; eta Santuak orazio labur au agintzen du.

 

aurrekoa hurrengoa