www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ejerzizioak-IV
Agustin Kardaberaz
1765

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Euskal lan guztiak, Agustin Kardaberaz (faksimilea). La Gran Enciclopedia Vasca, 1974

 

 

aurrekoa hurrengoa

AMA BIRJIÑAREN ASUNZIOA,
ONETAN IRU FESTA, EDO MISTERIO DIRA.
BIRJIÑA AMAREN TRANSITOA,
EDO ERIOTZATIK BETIKO BIZITZARA IGAROTZEA.
BESTEA ZERURA IGO ZANEKOA:
BESTEA KORONAZIOA; EDO
ZERUETAKO ERREGIÑA KOROATU IZAN ZANEKOA

 

        I. Pensezazu, Ama Birjiña lurretik zerura igotzeko denbora etorri zanean, nola bere Semeak Aingeru S. Gabriel berri on orrekin bialdu zion, ta Apostolo guziak milagroz Ama Birjiñaren Etxean juntatu zituen. Ama SSmak berak zeruko Mandatuaren, berri eman zien, eta Eleiza ondo gobernatzeko, ta animak salbatzeko bear zituzten argi, lezio, ta bendizio dibinoak. O zer Apostoloen negar gozoak despedida triste, ta alegere onetan izango ziran!

        II. Pensezazu, nola Ama Birjiñaren Anima santa amorezko sugar dibinoetan erreko zan, ta Jesus zerutik jatxi, ta onen Biotzean bere espiritua entregatu, ta Aingeruzko kantakin bere glorian saritu zuen. Gorputz santua Apostoloak erreberenzia guziarekin Jesemaniko ortuan gorde zuten irugarren egunean zerurik anima jatxi, ta bere gorputz estimatua doai dibinoa bete, ta gorputz, ta anima bere gloriako Jarleku altura betiko igo zan.

        III. Pensezazu, zeruko Erregiña bezala, Jesus Errege bere Semeak eskuieko aldetik bere ondoan paratu zuela: eta Trinidade santisimo guztiak, onra ta gloriarik andienaz koroatu zuela. Aita Eternoak bere Alaba, Semeak bere Ama, ta Espiritu Santuak bere Esposa bakarra bezala. An Erregiña gloriosa, ta gure Ama piadosa gugatik beti erregutzen dago. O zer esperanza gozoa!

 

AFEKTOAK, ETA FRUTUA

        Trinidade guziz santua! O gure Jainko guztiz poderoso, jakinsu ta amorosoa! Zure poderio, jakinde, ta amorio fin gabearekin, kriatura guztien gañean Birjiña guziz preziosa ta maitea onelako Koroarekin apañdu zenduen. O zer biotzeko atsegiña artzen degun, zeren bera gure Ama maitea degun. Alabatua betiro izan zaiteala, Jauna, eta bera zugan betiro glorifikatua izan dedilla, eta beraren birartez gu betiko santifika gaiteala: arekin batean Zu beti zeruan alabatzeko. Amen..

        Trinidade SSmoari iru Pater noster, da iru Abe Maria Birjiña Amari, eriotza on bat eskatzen diogula.

 

aurrekoa hurrengoa