www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

58. Nere otoitzak

 

        Txintxo egiten nituen egunoro nere otoitzak: Goizean, Agur-Mariak, gero Sandu guzien letaniak eta ordu batez bederen gogozko otoitza. Ori egiten nuen, naiz mendi-zuloetan geldi egon ta nazi mendietan barna bidez ibili. Jainkozko Ofizioa otoizteko libururik ezpainuen, Inozenzio IVgarrenak berexitako otoitzak egiten nituen eta gaiñera arrosario asko eta bai Jainkoari ta Sanduai otoi laburtxoak ere. Lapur batek kendu zizkidan arrosarioak eta beste batek atzera eman; balio andiko bitxi bat eman balit baño geiago eskertu nion mesede ori.

        Jatekoa ziñatzen nuen gure komentuetan egiten dan bezela zeremonia ortaz arritzen ziran gorriak, batzuek onesten zuten, besteek parragarritzat artzen. Nik Gurutze Sanduaren egitean, jaten ari ziran janaria ematen zidaten askok eta bai auxe esan ere: «Orra! bere Jainkoak bertan utzi du ori eta bere etsairik aundienak geran auetaz baliatzen da orreri mesede egiteko». Agur-Maria ta Gurutze-Sanduaren oiek amaika zerriki puska ta faisan-saieski eskuratu zizkidaten.

        Nere egunoroko otoitzak lapur askoren aurrean aruntz-onuntz ibilki egiten nituen; nik ezpaiñak igitzen nituela sumatzen baitzuten, belarriak nere ago-ondoratzen zituzten nere itzak entzuteko. Baiña arrotzaren izkuntza etzutela ulertzen ta aldegiten zuten. Otoitzean ari nintzan bitartean, ez nuen nai iñork itzik egin zezaidan eta norbaitek itza emanten bazidan, ixilik egoteko adiarazten nion beatz ta ezpaiñez gurutzea egiñez.

        Misiolariak, ageri eztiran izaki batzuekin izketan ari dan bitartean ezer jaten eztuelako otsa zabaldu zan lapurren artean. Ori egia ote zan jakiteko, jaki gozoak, berentzat atonduriko jakiak eskaintzen zizkidaten. Ni ontzia eskuetan artu ta arrosarioa bukatu arte ezer murtxatu (probatu) gabe egoten nintzan. Egunoro etortzen zitzaizkidan lapur berriak eta guziek proba egin nai. Lengoek esaten zieten etorri-berriai: «Zuen ontzia bete jaki bere esku ezkerrean jarri zaiozue eta ikusiko duzue nola eztuen ezer jaten, ariketa borobiltxo gorrixka oiek (aósario-aleak) ukitu arte».

        Bear bezain kartsu ezpada ere, egundaiñoko jaierarik andienaz egiten nituen nere otoitzak. Aiek nai ainbat jostatzen ziran, nik berriz asebete galantak egiten nituen. Pompeya Berriko Amak laguntzen zidan ageri ageri. Ala ere, nik Ama Birjiñari otoitz egiten banion, ez nuen gorriek ematen zidaten jana irabaztearren egiten, ez orixe!

        Barrabas ere bein baiño geiagotan etorri zan proba egitera. Nik jakiak nola ziñatzen nituen eta goiz-arratsetako otoitzak nola egiten nituen ikustean, irriparrez esaten zuen: «Oiek txorakeriak!» Nik ordea erantzuten nion: «Ez, ni ez nago txoraturik, zuek zaudete txoraturik, zuek!»

 

aurrekoa hurrengoa