www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

8. Domine-Sandu eguna

(azaroaren 1, 1933)

 

        Jai onen bezperan Sanxelipu-n agertu nintzan igande ta jaiero bezela; Domine-Sandu egun berean etorri zan Isidro Anaia meza entzutera, amabi kilometroko bidea egin bear bazuen ere (Erakusmen ederra, igandeko eginbideak ain erraz uzten dituzten kristau zabarrentzat!). Jende gaitza bildu zan egun artan elizara. Ni Sandu guzien predikua egiten ari nintzala, itxura txarreko otsak entzun genituen kanpotik, zaldi-arrapala ta soldadu-otsak. Ongi iduritu zitzaidanean, bukatu nuen nere itzaldi kaxkarra, ta bai meza sandua ere. Nere kristau batzuek elizatik atera izan ziran kanpoan zer ote zan ikustera. Baiña iñork etzezaken asots aien berririk eman. Ondoko egunetan ikasi nuen lapurrak Domine-Sandu egun artan etzirala gugandik urruti egon.

        Animen egunean (ilaren 2an) Isidro Anaia itzuli zan bezperan etorri bidetik eta ni ere Kingyang-era biurtu nintzan. Etxean arkitu nituen nere morroi langileak; Yyumiao-tik etorriak ziran. Nere barrutiko txokorik ezkutuena dan alde artan Mikel Sanduaren izeneko elizatxo bat goratu nai nuen, Aingeru sandu orrek nere txinatarrai deabruarekiko burrukan lagun zezaien. Ara bidaliak nituen nere morroiak lan egitera, argatik arritu nintzan aiek Kingyang-en arkitzeaz. Aiek ordea esan zidaten, baietz, Tungho ibai alde guzia lapurrez josia zegoela eta berak inguru-minguru andiak egin bear izan zituztela nere astotxoa galtzera ez uzteko.

        Ala ere, gure Jaundone Mikel inguruko kristau batzuek ondoko egunetan adiarazi zidatenez, lapur tzar aiek soldaduen beldurrez Shensi aldera, Paogna probintziara jo zuten. Ez genuen beraz aiengatik zer beldur izan.

 

aurrekoa hurrengoa