www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

9. Gorriak Siamawa-n

(azaroaren 11an, 1933)

 

        Kingyang-etik amazazpi kilometroko bidean dago Siamawa eta Sanxelipu-tik beste ainbeste gutxi gora bera. Aurreko egunean etorri izan zan Bartolome Aita bere misio-etxe nausira. Nik biaramonean (ilaren 12an) Kingyang-en meza eman ondoan, Sanxelipu-ra joan asmo nuen ango erretoreari bera kanpoan zan bitartean gertatu ziran guzien kontua ematera.

        Larunbata zan, ilaren 11; arratsaldean etxeko morroiak eta adiskide batzuek berri auxe ekartzen didate: lapurrak urbil dabiltzala eta uriko ateak ilundu baiño askoz lenago itxi zituztela, zer gerta ere. Nik orduan ezin ulertu nezaken orrenbesteko ixilki ta estuasuna; geroago bai, lapurren eskuetan erori ondoan, ulertu nuen, aiek argibidea eman zidatenean.

        Batzuek, lapurrak zenbait metroko bidean zirala zioten; beste batzuek, berreun kilometroko bidean zeudela. Biaramon goizean uriko ateak zaindurik zeuden, beste egunetan bezela. Nere bidaldia geroko utzi nezan, arren! eskatu zidaten nere morroiak; neska kristau-gaiak Fraduatar Frantzisko Aitaren berri galdetzen zidaten, lapurrak noiz ta nola arrapatu zuten ta ola. Nik erantzun nien: «Ain xuxen ere, atzo izan nituen Yegnan/u-ko Vikariatotik eskutitzak eta aiek diotenez, soldaduak askatu dute Fradua Aita, naiz beso bat zauritua duen».

        «Kontu andia izan zaiozu gero zere buruari, esan zidaten; ez al zaitzu zuri ere olako zoritxarrik gertatuko». Nik irriparre batez erantzun nien; baiña ura irriparre gogoangarria! Andik bi ilabetera arte ez nituen berriz ikusiko nexka gaixo aiek eta bi ilabete aietan, gizonik azkar eta sendoena ere onda dezaketen neke gaitzak eraman bear nituen.

        Beti bezela, nere mando gaiñean ninjoan ni; ingurumari guzi aietan ezaguna da nere mando ori; biurri xamarra, baiña txintxoa ta pixkorra. Bidean ez nuen oi-ez-bezelako gauzarik bat ere aurkitu, naiz bazter guzi aiek ispiaz, ixil-berrikariz beteak egon. Sanxelipu-ra iristean, Meza sandua entzutera bildutako kristauak agur egin zidaten; gero nere mandoa artu ta guzia bakean zegoela esan zidaten. Bartolome Aitari bere eliztarrak atsegiña erakusten zioten etxera onik biurtu zalako; Isidro Anaia berriz etorria zan beste igandetan bezela eta Sintxiajo-rako bear zituen zer batzuen prestatzen ari zan.

 

aurrekoa hurrengoa