www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

52. Nere bigarren berrerosleak etxeratzen dira

 

        Ni lapur-tegi artara sartu nintzan garaitsuan, nere berrerostera etorritako gizonak Sanxelipu-ra itzuli ziran. Atsekabeturik zijoazen gaixoak, beren eginkizun artan gaizki atera ziralako. Negarra begietan, jakinarazi zieten ango misiolariai lapurrekin ikusi zutena. «Komunista oiek (zioten gure gizonak) eztira beste lapurrak bezelakoak; besteak ematen zaienaz pozik gelditzen dira; komunistak berriz, emaitza geiago eraman badezakiegu, geiago eskatuko dituzte eta eztakigu noiz aseko diran. Atxilo orren askatasuna iritxiko ote dugun eztakit».

        Orixe berri samiña! Nere misiolari lagunak gure Prefecto Aldaba-ko Gregorio Aitari adiarazi zioten gertatua, gure buruzagi orren berriz Pingliang-eko soldadu-agintariari ta Aita Sanduaren Ordezkoari ta misio katolikoen zaintzale dan Konsulari parte eman zien. Txinako egunkariek Errepublika guzian barna edatu zuten berri ori. Misiolari bat lapurren eskuetan erortzeak ots andia ateratzen du Txina osoan, egunkariek zabaltzen dute berri txar ori, jende guziek, edozein erlijiotakoek, naigabea artzen dute misiolariaren zorigaitzaz.

        Lungtung-eko kapitanak nere askatzeko biderik bat ere artu zuen eztakit. Agi danean auxe bakarrik esan zuen: «Lapur oiek otso-talde bat dira, soldaduen aurrean sakabanatu ta arru sakonetan gordetzen dira. Olakoen kontra ezer ezin dagikete nere soldaduek». Yegnanfu-ko brigadierari berriz Gobernuak zorrozki agindu zion noski, misiolari katolikoa askatzeko egiñal guziak egiteko.

 

aurrekoa hurrengoa