www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

45. Lapur-tegian misioak ematen

 

        Nere atxilo-lagunak guziz maite nituen eta Jainkoagana erakarri nai nituen. Su ondoane goten giñan aldietan Jesusen berri irakasten ari nintzaien. Onelatsu itzegiten nien: Badala Jainko bat, zeru ta lur, aingeru ta gizonen egilea; gu anima ta gorpuzdun izakiak gerala, gure anima ori eztala iltzen eta gorputza ere il ondoan berriz piztu ta animarekin atzera batuko dala noizpait; guziok senideak gerala, Adam eta Evaren ondorengoak; lenengo gizon oiek Jainkoak egin zituela; Adam eta Evak Jainkoaren agindua autsiz bekatu egin zutela eta beren ondoko guziok aien bekatuaz kutsatzen gerala; Jainkoa gizon bekatariaz urrikaldu zala eta gu zeruratzeko Bera gizon egin zala Jainko-izatea utzi gabe; Jainko orrek onentzat zerua ta gaixtoentzat infernua jarri dituela.

        Auetxek ziran nik nere atxilo-lagun aiei azaldu nizkien irakaskari nausienak; entzule aietako batzuek nere irakatsia ona zala etsi zuten eta bai ontzat artu ere. Ala ere, len aipatu dugun agure zaar Huosui-ko Eskola-Batzarraren buru zan ura gogor zegoen bere paganotasunean. Nere lagun gaixo aiek onak ziran eta anima onen baitara erraz sartzen da Jesu Kristo gure Jaunaren Ebangelio-argia.

        Agerian, iñoren lotsarik gabe mintzatzen nintzaien, lapur asko ere etortzen ziran nere izketak entzutera, batzuek ikus-miran, besteak berriz, farisau ta sadukearren antzera, nere irakatsiai kontra egin ta indarra kentzera.

        Komunistek ez Jainkorik eta ez gizon-animarik siñesten eztutela esan dut lenago; alaxe esan ziguten berek arrapatu ginduzten egun berean. Erlijio katolikoa ta bai beste erlijio guziak ere zorakeriatzat daduzkate. Ala izatea komeni zaie berai; Jainkoa baldin bada eta lege bat eman badu, komunismoa eztago izpidean, gezurra da. Argatik erakusten zien Wan tai txi-k bere mendekoai ta baserritarrai Jainkorik eta animarik eztala eta aietaz ez oroitzeko beraz.

        Gorriek, nere itzaldia entzun ondoan, galdegin zidaten: «Zuk non arkitzen duzu Jainkoa?» Nik erantzun nien: «Ortxe zure begietan eta emen gizon ta abere ta landare ta arriak dauden lur ontan arkitzen dut Jainkoa». —Aiek atzera: «Nork ikusi du Jainkoa?» Nik erantzun: «Lenago, alde batera edo bestera ikusi zuten Adam, Eva, Abraham, Moises eta beste askok; il diran jende on guzien animek ere ikusi dute Jainkoa; eta gaiñera milaka lagunek ikusi zuten Jesu Kristo, Jainko ta gizona».

        Aiek berriz ere: «Jesu Kristo milaka lagunek ikusi zutela nola dakizu?» —Eta nik: «Orain mil ata milaka urte Txinan izan diran errege ta gizon andizkien izen ta egiñak nola dakizkizue zuek? Olaxe dakit bada nik ere Jesu Kristore berri».

        «Eta gizonen anima nork ikusi du?» —Nik erantzun nien: «Gure anima eztugu begiz ikusten, baiña badala ezagutu bai badezakegu. Esadazue bestela: Atzo il zenituzten zerri belarri-luze aiek eta zuen agintaria Wan tai txi berdin al dira? Ez noski; zuen agintariak badu adimena, belarri-luzeek berriz ez; agintariak itzegiten du, urdek berriz ez. Zuek guziok ere baduzue adimena ta mintzoa (izketa); eta adimen ori, edo anima bera da edo animarekin baturik dago ezin-berexizko moduan; adimena dan tokian anima ere bada beraz. Adimenik ez animarik eztuten aberekin berdin egiten al dituzue zuen buruak? Eztut uste. Gaiñera, Jainkoa ta anima badirala bere ezaumen utsez ezagutu ta erakutsi dezake gizonak».

        Nere itzalditxo ori, ain arrazoizkoa bazan ere, etzuten lapurrek ontzat artu; aiek ez omen dute begiz ikusten dutena baizik siñesten. Aiei si;ets-araztea ezpada, lotsaraztea beintzat erraz zitzaidan . Ots, esan nien; lurra eguzkiaren inguran biraka dabilela eta an goiko izar aietako asko gure mundu au baño andiagoak dirala ikusi al duzue?» —«Ez, erantzun zidaten; baiña eztugu ori ere siñesten». —«Eztuzuela siñesten? Eskola piska bat duten jende guziak ortaz etsirik daude bada. Eta ni, arrotza ta misiolari katolikoa naizelako siñesten ezpanauzue, orra or Tutxio, kristau izan nai eztuena, orra or Singtxao irakaslea, orra or Huosui-ko Eskola Andiko ikasle oiek, oiei galdegiezue, eta baietz, lurra eguzkia baiño txikiago dala ta mundua gelditu gabe badabilela esnago dizuete». Irakasle ta ikasle aiek, nik ain ongi aipatu nituelako pozturik, nere alde atera ziran eta zuzen nengoela adierazi zuten, ni garailari gelditu beraz.

        Atxilo egon nintzan arte guzian bein baiño geiagotan izan genituen olako izketaldiak eta geienetan gau beranduan, su ondoan jarrita.

 

aurrekoa hurrengoa