www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

22. Lapur-buruekin izketan

 

        Sintxiajo erriaren ondoan, ipar-itzaldera (NW.) badago mendizka bat eta artara buruz abiatu giñan berriro. Mendian gora ginjoazelarik, zenbait jende ikusmiran urbildu zitzaizkigun itzegitera, aien artean gizon eskoladun ta asko-ikasi bat. Onek maitetsu samar itzegin zigun, nongoak giñan eta zer lanetan ari izaten giñan galdegin zigun. Gorrien artean eskubide aundia bazuela zirudien. Txina guziko komunisten berri ere bazekien; ontaz arritu giñan lenbizian, baiña laster ikasi genuen zer zan: alegia, nik bezperan Kingyang-etik eramandako eskutitzak ostu ta irakurri izan zituen lapur arek eta an ikasi zituen berri aiek.

        Lapur-buruekin itzegin bearra geneuken zer asmo zuten ezagutzeko, kezka estuan geunden ta. Sanxelipu bipildua ta soildua zegoen, ango Aurtzaro-Sandutegiaz eta bertan egindako zakarkeriaz berririk bat ere ez genuen eta misiolaria laster atzera etorri ezik guzia galtzeko arriskuan gelditzen zan. Gaiñera Sinkiajo-n Isidro Anaia elizatxoa goratzen asi zan; azkenez, Kingyang-en ere zenbait langile lanean ari genituen eta aiek etzuten jakingo nora jo misiolariak etortzea luzatzen bazuen. Guzi orrengatik bada, iruetako bat bederen lenbailen lokabe (libre) gelditzea komeni zitzaigun. Laster artu genuen asmo auxe: ni geldituko nintzan lapurren atzaparretan.

        Gurekin etorritako lapur maitetsuari gure naikaria agertu ta agintariari itz egin nai geniola esan genion. Ura gogotik jarri zan gure bitarteko izatera. Lui txia miao-ra iritxi bezain laster guziak tenk egin zuten; lapur buruak lurrean kokoriko jarri ta gu deitu ta gu ere alaxe eseriarazi ginduzten.

        Agintari aietako bat ere ez genuen guk oraiño garbi ezagutzen eta guzien buru nor zan galdetu genuen. Len aipatutako Wan tai txi agintariak auxe erantzun zigun: «Emen guziok anaiak gera, guziok berdiñak eta nagusirik eztugu beraz. Komunistak geran aldetik, nausitasuna guziena da, ez bakar batena...»

        «Zeiñekin itzegin bear dugu bada?» galdetu genion. Eta arek atzera: «Emen gauden guziokin». Eta gero, len, mendi-zuloan esandakoa bera esan zigun berriz: «Gu ez gera lapurrak, komunistak gera; jende zintzo ta asmo onekoa, erlijio guzien etsai; beartsuak bai, baiña gisakoak; guzien bearra badugu; soiñeko, sendagai, jateko ta abar. Idatzi zaiezue zuen aide ta ezagunei bidaltzeko dirua ta guretzako emaitzak; ori egin ezkero, ez beldur izan».

        Azken itz auek oso mamitsuak ziran; oietatik, oraindik luzaro atxilo (preso) egon bearko genuela atera genuen, gutxienez Txinatik Europara joan ta etorri egiteko bear dan denboraz bai.

        Bereala arek esan zigun labur ta garbi: «Ots, emaizkiguzue berrogei mila dolar ta joaten utziko zaituztegu». Guk, iruok batera erantzun genion: «Ezin, ezin ta ezin! Eztugu orrenbeste diru ez Txinan, ez Europan ta ez Ameriketan». Gero gure lagun edo diruzaien berri galdegin ziguten. Aurretik gertu geneukan erantzuna: Gu diru-kontuetan geren buruen jabe gerala, ortan eztugula beste misiolariekin ikustekorik bat ere, guk bai beste iñork etzekiela gure gauzen berri, eta etzezagukela dirurik ez beste gauzarik bidali; ezer nai bazuten, gerok eman bear geniela eta artarako geren misio-etxetara joan bear nai ta nai ez. Gaiñera esan genien: «Guk dirurik ezin eman dugu, oialak eta sendagaiak bai bidaliko dizkitzuegu eta gure mandoak atzera biur badezazkiguzue, seireunen bat dolar biribilduko ditugu bearbada zuei emateko» (Txinako dolarrak Argentinako pesoaren balioa du). —«Mandorik eztizuegu itzuliko, ez orixe» esan ziguten. —«Guk ere eztizuegu bada dirurik emango» erantzun genien.

        Azkenean, alde batera ta bestera jarduki ondoan, bosteun dolareko eskuerakutsiak egingo genizkiela itzartu giñan, baiña ori gu lokabe (libre) uztekotan. «Guk, misiolariok, beteko dugu emandako itza, esan genien; egiazale ta zintzo ta itzeko gizonak gera, bein emandako itza eztugu jaten. Ala ere siñetsi nai ezpagaituzue, ortxe duzue emendik bertan Luisejo-ko elizatxoa; ortaz nai duzuena egizue, baldin itza jan badezagu».

        —«Ez, ez! esan zuten guziak batera; zuek ziria sartu nai diguzue, ziria sartu». Eta gero: «Isidro Anai langilea joan diteke; baiña bi apaizok emen geldituko zerate». —Guk atzera: «Ezin diteke ori. Anai orrek eztaki ongi alderdi ontako izkera eta ezta ongi adituko jendekin». Orduan Bartolome A. ere lokabe uztea etsi zuten. Eta bereala askatu zituzten biok.

        Ni nerez pozik nengoen gauzak ola atera ziralako. Bi misiolari lokabe zeuden; oiek kontu izan zezaieketen Kingyang-barrutiko iru misio-etxeai, Aurtzaro-Sandutegia zaindu ta langileak zuzendu. Nere bi lagun oiek emandako itza albait lasterren beteko zutela banekien; baiña ala ere, ez nuen etxera biurtzeko uste andirik eta ondoko egunetan ikusi nuenak sendortu ninduen ez-uste ortan. Lapurrak auxe nai zuten noski: lenbailen zerbait diru eskuratu, gutxi edo asko; eta gero... berriz geiago eskatu.

        Bartolome A. eta Isidro An., askaturik, lapurrekin izketan ari ziran; Isidro Anaiak ogei ta zortzi urte zituela esan zien; parre egin zuten, adin ori izateko zurratuegi zegoela zeritzaien ta. «Ederki ler eragin diote lanean gaxoari!» zioten. Etxegilea dala bazekiten, Kingyang-en zenbait etxe egin baititu eta Sintxiajo-ko sakanean elizatxo bat goratzen ari baitzan orduan; orko langilen artean batzuek gorrien zelatari ziran. Auek kontatu zizkieten lapur-buruai Isidro Anaiaren biziera ta aziorraziak eta oso gora jarri zuten. Berari esaten zioten ez beldur izateko, beti Txinan egoteko eta soldadu gorrien artean sartzeko, guziak oso ongi artuko zutela alako langile argi ta bizkorra zalako. Isidro Anaiak jao jao jao-ka eskerrak eman zizkien; baiña bera komunista egitea... ori gorabera andiko gauza zala... ta pentsatuko zuela zer egin.

 

aurrekoa hurrengoa