www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

30. Euskaldun mendigoizaleak Txinan?

 

        Txapela duten guziak euskaldunak dirala uste dute askok, batez ere Ameriketan. Ara zer gertatu zan bein: Buenos-Airesen, Barracas-ko txabola batean gizon bat ilik arkitu zuten. Etzuen iñork aren berririk ematen, etzekiten nor zan; baiña polizia-buruak, arek jantzia zuen txapela ikusirik, euskaldun bat zala erabaki zuen. Eta alaxe zan egiaz; geroago argitasun geiago bildurik, Uriguena izeneko bizkaitar bat zala atera zan.

        Uriguena orren oroitzapena etorri zitzaidan neri burutara egun artan. Buruan euskaldun-txapela zuten mutil batzuek ikusi nituen Luisejo inguruko mendietan gora igotzen eta beren bizkarrean zeramatzaten armen ordez makila sendoak izan balituzte eskuetan, edozein euskaldunek uste izango zuen, mutil gorri aiek gure Euskalerriko mendimutil-talde bat zirala. Txapel aietako batzuek ezagunak nituen eta eskatu ere egin nizkien, baiña aiek ez eman. Gaiñerakoak eztakit non bildu zituzten, beti ere etziran Txinan egiñak.

        Neri ostutako txapela Kaokang izeneko batek zeraman; zaldun-buruzagia zan ori, lapur-taldearen izlaria, gizon ausarta, tzarkeri asko egindakoa. Askotan itzegin nion orri eta txapel gorri bat agindu nion, baldin ni askatzeko egiñala egiten bazuen. Euskaldun-txapel ori oso atsegin dutela oartu nintzan; bearbada, txinatarrak jantzi oi dituzten maotze edo larru ta ilezko ginbailak baiño osasungarriago dira. Txinatar ginbail auek askori buruko miña ematen diete ta batzuetan odol-aldi galgarriak ere bai. Txapelak ez ditu belarriak estaltzen, ori egia da; baiña oiek erraz estali ditezke beste gisa.

 

aurrekoa hurrengoa