www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

31. Itxurazko kaputxinoa ta egiazko kaputxinoa

 

        Euskaldun-itxurako txinatar aiei begira, baninjoan nere bidean. Beingoan, nere zaitnzaleak bizkarrean jotzen nau azkarki ta oiu egiten dit gogor: «Ots, aurrera! lasterrago ibili!». Burua iraultzen dut nere jotzaleari auxe esateko asmoan: «Zuk agindu egin dezadakezu, baiña jo zergatik egiten nauzu?» Baiña nere burua iraultzean, nere arrimena! Zer dakuste nere begiak? kaputxino aundi gaitz bat nere aurrean!

        Aurreko gauean, ilunben artetik, txotiño zorrotzdun frantziskar bat ikusi izan nuen; baiña ura ireltxo bat edo begitasun bat iduritu zitzaidan eta gaiñera arek kaputxino-jantzia atzekoz-aurrera zedukan. Oraingo au ordea besterik zan; ni ez nengoen ametsetan eta etzan begitasun bat ere. Nere zaintzale orrek txotiñoa (kaputxoa) buru gaiñean jantzia zuen, bularrekoa ere zuzen aurreko aldean eta gerri inguruan gerri-lokarria. Ura ezberdintasuna! Ni, egiazko kaputxino au, zarpazar bat buruan, maukutsik, nere Ordenaren ezaungarri bat ere gabe ninjoan, lapur aien oazalak bizkar gaiñean neramatzala; lapur tzar ura berriz kaputxino-jantzian. Orduantxe esan ziteken ederki: «Kaputxinoa dirudi ta ezta; eztirudi kaputxinoa ta bada».

        Gure soiñeko maiteaz jantzia zijoan arekin izketan asi nintzan. —«Nola da zure izen ederra?» galdegin nion. —«Wang(errege)» erantzun zidan. Baiña geroago ikasi nuenez, gezurra esan zidan; bere egiazko izena Li yan hai (aran-ondo gozoa) da.

        Li ori ogei ta bi urteko mutil luze, sendo, azkarra da; lenbizian idorki ta itz-erdika ta gezurrez erantzuten dit. Gizon ori txurikatu ta limuritu nai nuen; eta ortarako, komentuan egon naizen berrogei urtetan nere Nagusien limuritzeko ikasi ditudan antze guziak erabili bear nituen. Zerbait iritxi nuen; geroztik ez ninduen zeatzen lenengo aldietan bezela eta nere galdeai erantzun ere egiten zien.

        Auxe ikasi nuen arengandik: Shensi probintzikoa ta Sanyuen-dik urbil samar dagoen erri batekoa dala; beste misiolari asko ere ikusi izan dituela, baiña eztuela aiekin ariorik batere izan; eztala kristaua eta ezta izan nai ere; zenbait etxetan sukaldari egon dala eta jostungoan ere badakiela; bera eztala lapurra, kuntzatang edo komunista baizik; aiei, lapurrei, gogor egin diela eta komunista egin dala, komunistak beartsuai alde ta aberats tzarrai kalte egiten dietelako; beren artean ederki etortzen zirala elkarrekin eta buruzagi auek zituztela: Wangtaitxi, guzien agintaria; Liutzeta, gudu-batzarrekoa; Sing yan ti eta Sing Huang ti, batzarre andiko lagunak. Berak etzezadaken esan nora ginjoazen. Beti nere ondoan zetorren, nere egin guziak ikusi nai zituen.

        Geldialdi batean, mutiltxo bat urbiltzen zait, bere burukoa erantzi ta domiño (medalla) bat eskatzen dit. «Ni, esan zuen gero, kristaua naiz eta Ama Birjiñaren domiño bat nai dut, komunisten artean sortu lekizkedan afiskuetatik onik atera nazan». Lotsaz mintzo da kristau ura eta bere masaila zurpailak gorritu zaizkio. Sasi kaputxino biurriak errista usbis egiten dio gogorki eta esaten dio, uzteko txorakeri aiek, eztagoela Jainkorik, gizonak eztuela animarik; gorputza il, guzia il.

        Ni sasi-kaputxinoaren aurka ta kristauaren alde jartzen naiz eta al bezala laguntzen diot. Gaxoak fedea eztu galdu, lapur egiñik badabil ere.

        Azaroaren 14an, egun osoan aldapak gora ta bera ibili giñan apurrik ere jan gabe. Ogi-puska bat eman zidaten eta nik, goseak zegoen beste atxilo bati eman nion oso osoa.

        Beste komunista bat, adiñekoa bera, gurekin izketatu zan; aren izenaz ez naiz oroitzen; misioen berri ere bazekien poliki. Beste gauza askoren artean, neri atsegiñik bat ere egin etzidan auxe ere esan zidan: «Misiolaria Txinan jende andia da, gure uri aundietako mandarinen pare». Orrekin esan nai zion nere zaintzaleari misiolariok oso aberatsak gerala eta bere eskuetan nindaukan ezkero, neri alik diru geiena ateratzeko. nik erantzun nion, baietz, misiolaria jende andia dala, baiña animako gauzetan bakarrik eta ez giñala bat ere aberatsak.

        «Egarri naiz!» oiu egin nuen. Goizeko bostetatik asita bidez genbiltzan eta arratsaldeko lauak edo ziran; ago-sabaia legortua nuen ta ur-tanta batzuek nai nituen; baiña biotzgabeko sasi-kaputxinoak ukatu egin zizkidan. Ogei ta amasei urte egin ditut komentuan eta urte guzi oietan nere guardian batek ere eztit olako ezekorik eman! Oi ene Ordenako guardian santu ta errukitsuak, Jainkoak bedeinka zaitzatela! Zuek maite etzaituztena ez al da bein ere Li (aranondo) zaitzalearen mendean eroriko! Ez, eztiot iñori olako gaitzik nai.

 

aurrekoa hurrengoa