www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

15. Mendizulora bidean

 

        Orrela lotu ta uzkaldurik misio-etxetik atera ginduzten. Etxean gure morroi bat ere ageri etzala esan bearrik eztago; guziak igesi joanak ziran, bein Apostoluak Jesus loturik ikustean igesi joan izan ziran bezala. Andik kilometro erdiko bidean zegoen mendizulo batera eraman ginduzten. Gaueko zortzi t'erdiak edo ziran.

        Gu errian barna igarotzean etzan kristaurik ageri; jende gabeko etxe-multzu bat zirudien erriak ta izan ere alaxe zan gizon basa aiek an sartzearekin erritar guziak igesi joan ziran ta. Mendizuloan mandarinato artako beste atxilo (preso) batzuek arkitu genituen. Aietako bat zanpa zanpa jo zuten gure aurrean; bai ikusteko pozgarria uraxe guretzat!

        Eztakit zenbatsu denboraren buruan sartu iztzaigun mendizulora gizon bat, bere itxuran, izketan eta jantzian besteak ez bezelakoa. Adeitsu mintzatu zitzaigun ta berak etzirala lapurrak esan zigun. «Ez! esan zuen berriz ere, gu ez gera iñolaz ere lapurrak, gu hung chiung edo soldadu gorriak gera; edozein erlijiori, berdin katolikoari ta berdin protestanteari, gorrotoa diogu, erlijioa zorakeria ta aemts bat besterik eztala badakigu ta. Ala ere, ez beldur izan. Auxe bakarrik eskatzen dizuegu: dirua, ta gure gorputzak estaltzeko berogarriak, negu otza bertan da ta».

        Guk erantzun genion: «Begira, gu misiolari ta erlijioso geranez, beartsuak gera ta dirurik eztugu». Baiña arek etzituen gure itz oiek aintzat artu.

        Itxura ta jantzi oneko komunista ura nor zan ez genekien guk gau artan, baiña ondoko egunetan ikasi nuen nor zan eta bai bere biziaren berri ere. Soldadutalde gorriaren agintzaria bera zan gure ikustera etorri zan ura. Aurren aurrena eskatu genion gure lokarriak pixka bat lasatzeko, gure zain ta zaintxuriak geiegi estutzen zituztela ta. Ura, bere mendeko gogorrak baiño biotz-berago izan nonbait, eta guri eskumuturrak askatzeko agindu zuen. Ala ere besoak soka lodiz lotu zizkiguten eta soka oien muturrak soldadu batek; zeuzkan, iges egin ez genezan. Agintari ura beste bein etorri zitzaigun mendizulora mandoen tresnak non gorde genituen galdetzera. «Agerian daude bada» esan genien; eta gero Bartolome Aitak guri erderaz: «Askatzen banaute, laster asko arkituko ditut nik».

        Geroxeago sartu zituzten mendizulora gure misio-etxean ostutako zerak: gurutzeak, meza-jantziak ta abar.

 

aurrekoa hurrengoa