www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

13. Argi-izpi bat ilunben erdina...

 

        Oraindik ez genekien nonbait ango berririk aski ta argatik esaten genion elkarri: «Agian eztira elizaraiño iritxiko, kanpotarrak geralako lotsa izango digute bearbada». Baiña zoritxarrez! laster ikasi genuen besterik zala.

        Asi dira gure ate andian dinbi-danba jotzen; bagoaz idikitzera; baiña gu ara orduko zabaldu da atea. Beren nausia non dan galdetzen diegu, arekin itzegin nai genuen ta. Alperrik ordea; ezin diteke itz garbirik entzun; karraxiak, arma-ots-ak ta meatxu gogorrak besterik ezta an nabari. Gure eriotzeko ordua dugula uste dugu, mundu ontako azkena. Belaunikatzen naiz eta Bartolome Aitak asolbitzen nau; gero nere bi lagunok belaunikatzen dira ta nik asoluzioa ematen diet. Etzegoen konfesatzeko betarik.

        Gu ikusi orduko, gaiñera oldartzen zaikzigu beren pistola ta fusilak gugana zuzenduz ta beren lastargiez argi egiñez. Ilun artan, ni ez nintzan oartu nere bi lagun maiteai zer egin zieten ta neroneri egin datena kontatuko dut.

        Lenengo urbiltzen zaidanak buruan dudan euskaldun-txapel kentzen dit; asarretzen naiz, txapel ura Tolosa-ko txapelgin Elosegi Jaunak berberak emana dudala ta uzteko neri txapela, esaten diot; baiña alperrik, komunistak eztute olako izkuntzarik aditzen. Bigarrenak nere lepo inguruko bufanda kentzen dit. Lapur lotsagabe orreri oiu egiten diot eta katarro gaitz batekin nagoela esaten diot. «Ba, gu ere otzak geudek!» erantzun zidan. Jakiña, nor-bera besteak baiño lenago izaki. Irugarrenak, zaldiz joatean txinatar jantzi lasaia lotzeko ibiltzen dudan ugala kendu nai dit. Ugal ori bearrezkoa dudala esaten diot; baiña lapur tzarrak «ez gero neri adarra jo!» erantzuten dit. Laugarrenak zapatila berri-berria, egun bereartan mustua kentzen dit eta nik eztut txintik ateratzen; gero bestea kendu nai dit. Orduan nik lurra azkar joaz: «Bego-oña!» oiu egiten dut, nere Bilbo ondoko Ama Birjiñari dei egiñez. Eta bai Ama Birjiñak laster erantzun ere, osturiko oiñetakoa itzultzen didate ta. Boskarrenak nere betaurrekoak kendu nai dizkit. «Ez, beaurrekoak ez, esaten diot gogorki; oiek gabe eztut ezer ikusten, utsa naiz». Etzidaten itzez erantzun, bai ordea egitez: tresna zorrotz batez izugarrizko kakarrekoa jo ziten buruan. Orduan aiek nai zutenera jarri nintzan. Zauritua nintzan, nere aurpegia odolez estalia zegoen; euskaldun-argentinatar odolez busti zan Txinako lurra. Betaurrekoak eraman zizkidana aiekin ezer ikusten etzuela oartu zan laster, ta atzera ekarri zizkidan. Gaitzerdi ala ere!

        Olatsuko garbiketa egin zioten Bartolome Aitari ere, ez ordea Isidro Anaiari. Anai begi-erne onek, nere tolosar txapelari gertatua ikustean, bere napar txapeltxoa ezkerreko sakelan gorde egin zuen. Baiña zer gertatu zitzaion? Arako Etxebarrigorrigoikoerrotabarrikoetxea euskaldun argentinatarrari gertatua: bere soiñekoak gorde, bai ta bera Mar de Platan ito egin zan. Isidro Anaiak ere bere txapel maitea gorde zuen sakelan sartuz; bera ordea Erensuge Gorriaren menpean gelditu zan.

 

aurrekoa hurrengoa