www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

43. Lapur-tegian

 

        Shensi probintziarekin mugatzen dan ibar luze mear batera iritxi giñanean, bukatu zan egun artako (azaroaren 23) ibilketa luze nekagarria. Basaleku baztertu artan komunista zauritu asko arkitu genituen eta aien artean Singyangti, Batzarre Nagusiko lagun, Sanxelipu-n zauritua. Antxe bazuten arma-ola ta eritegia; eritegi ori Hupeh probintziako apaizgai protestante izandako baten kontura zegoen. Atxilo batek esaten dit ixilka belarrira: «Emen izan gera gu lenago; au da lapur-tegia».

        Izan ere, alaxe zan, lege-gabeko jendeak bizi diran tokia; erta lapurren bizitegi izateko ezin aukeratu leku egokiagorik, alafede! «Auxe izango da gure gorputzen ilobia, esan genuen geren baitan; edo beintzat gure aukeramenaren ondategia, arik eta beren buruen jabe diran gizonen artera itzuli gaitezen arte».

        Bai gora-irizten duela gizonak askatasuna loturik dagoenean! Bai atsegin zaizkiela atxilo baten belarriei Argentinako eresiaren itz aiek:

                «Oid el ruido de rotas cadenas

                ....................................

                libertad, libertad, libertad!

        Lapur-tegikoek aurpegi-ilun ta muker artu ginduzten. Lengo egunetan bezela, emen ere argi ta aizegabeko zulo batean sartu ginduzten. Gorriek bertan arkitu alako janari guziak laster garbitu zituzten eta gu goseak, ainbeste egun aietan asealdi bat egin gabe. Egun artan bertan, alako ibillaldi neketsua egin ta basa-makatzak besterik ez genuen jan. Nik ixil-ostuta arto-ale batzuek eskuratu nituen eta osorik iretsi. Nere barneko kezka ta biotz-zimikoak ixilarazteko, aako len aipatu dudan esan-zaar artaz oroitzen nintzan: «Bear gorrian gauza guziak guzienak dira».

        Alaz ere, etzidan jan-gabe egon bearrak ematen kezkarik andiena; geiago estutzen ninduen Ping t'ing tsuang-eko otz izugarriak. (ori da lapurtegiaren izena!) Geudnen zulo artan lo egiteko burusi ta bururdi ta oazalen ordez lur uts eta otza eskaiñi ziguten. An gaua egitea gure bizia edo beintzat gure osasuna galtzeko arriskuan jartzea zan. Ez nintzak iltzeko beldur; aitzitik, gorputzetik askatu eta zerura igo naiak nengoen. Bai zerura urbiltzen dala gizona mundua gaitzi zaionean! Orain, lokabe nagoelarik, nai nuke, orduan bezela, iltzeko edo bizitzeko berdin etsirik egon!

        Gogoan nuen ala ere, ni ez nintzala nere buruaren jabe, nik gorde bear nuela onik eta osorik Jainkoak atzera eska zezaidan arte. Argatik bizia galdu lezaidaketen arrisku guzien kontra nere neurriak artu nituen. Aurreko gauetan beste atxiloengandik berez etzaten nintzan; orain berriz, lapur-tegian aien ondo-ondoan etzaten nintzan, beren gorputzetan ageri ziran zofi andi gaitzai jaramonik egin gabe. Lenago nazkagarri zitzaizkidan ez bakarrik xomorro xikin oiek, baita xomorrodun jendeak ere. Orain ordea aien ondoan egon nai dut. Zer eragiten duen bearrak!

        Baiña gorputz aiek izotza ziruditen ta ni otzak iltzer nintzan. Bitartean gorriak kang edo oatze bero atsegiñetan lo zauntzan, zorronka galantzak egiñez. Ezin nagoke orrela; jaikitzen naiz eta mendizuloaren atea zaintzen duten igurien (zentinelen) aurrean nere asarrea erakusten dut txarkeri ortaz. Baiña aiek, nagusien aginduz ari dirala ta nere zoritxarrarekin etsitzeko esaten didate. Nik ezpainuen otzez il nai, gimnasia egiten jardun nuen gau osoan. Biaramonean, jaikitzean, nere lagunak bular-aldean odolbilduak zituzten; ni berriz egundaiño bezain ongi nengoen.

        Argitu ondoan, jana eskatu genuen; baiña jatera eman bearrean, aurreko eguneko ibilketari berriz ekiteko gertu egon gintezela erantzun ziguten. Ibiltzea atsegin nuen nik orrela aienatzen baikenuen gure etsai ikaragarria, otza. Atxilo gaixo guziok armadun egin ginduzten gure fusilak bizkarrean, komunista gorrien itxura berbera genuen. Tankera parragarri ta kupigarri ortan kilometro batzuek ibili ondoan, Laotsuang baserrira iritxi giñan; Ping t'ing tsuang mendartearen erditik dijoan errekaren ezker aldean dago baserri ori. Arto-iriñezko zer bat eman ziguten jatera.

 

aurrekoa hurrengoa