www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

37. Isidro Anaiaren asmo ta egite goren-gorengoak

 

        Nere inguran gauza oiek agitzen ziren bitartean, Kingyan eta Sanxelipu-n zer gertatzen zan bat ere ez nekien. Geroago nere mixio-etxera itzuli nintzanean, auxe kontatu zidaten: Bartolome Aitak eta Isidoro Anaiak alik lasterrena bildu zituzten lapurrai eramateko esku-erakutsiak. Etzituzten ala ere guziak batean eraman nai, orduan lapurrek askoz geiago eskatuko zituzten ta. Bilduriko zer guziekin (oial, galtzerdi, zapatila, buruko, tabako, sendagai, pastel ta abar) lau sorta egin zituzten eta zenbait gizon, Isidro A. buru zutela, sorta oiek soiñean artu ta Sanxeliputik abiatu ziran, ni berrerosi ta askatzera joateko.

        Isidro Anaiak konfesio on bat egin ta bere anima Jainkoaren eskuetan utzi ondoan, agintza auxe egin zion Jainkoari: «Aldez edo moldez askatuko dut atxilo dagoen mixiolaria eta emaitza oekin ori iristen ezpadut, nerau geldituko naiz atxilo aren ordez». Orra or napartar. Nolasko berria! Baiña Jainkoak Anai: kaputxino gorputzez txiki baiña animaz andi orren eskaintza utsa askietsi zuen. Gorabera andiko gauzak zerabiltzan orduan esku artean eta argatik nonbait etzuen Jainkoak nai izan lapurren menpean geldi zedin.

        Bearbada eginkizun andiagotarako gorderik dauka gure anai ori eta orduan emandako itza bete dezaion eskatuko dio noizpait agian. Ez litzake bat ere arritzekoa izango; ainbesteko galbidetan sartua dago beti Kansu-ko misiolaria eta nork daki, Sanxelipu-ko ondamenaren ondotik ondamen andiago ta odoltsuagoak ez ote diran etorriko? Misioak orduantxe bearko ditu Isidro Anaiaren antzeko lagunak.

        Baizjoazen beraz gure gizonak beren emaitzekin eta Singkiajo-ko aldapa andira iritxi ziran. Egun bereartan (azaroaren 14an) nai zuketen lapurrekin izketatu. Aldapa gora ats-anditurik dijoazela, ara non ikusten dituzten aurreko mendian armadun gizon batzuek. Gure gizonak, armadun aiek lapurrak ziralakoan, igesari eman zioten eta zokogune batean gorde ziran. Baiña armadun aiek Gobernuaren soldaduak ziran, lapurrai gudu ematera zijoazen soldaduak eta Isidro Anaiak paper bat erakutsi zien zertara zetozen adiaraziz.

        Soldaduak esan zieten: «Ez gero olako txorakeriarik egin, ez joan lapur oiengana. Guk emango diegu komunista tzar oiei zor zaien ordaiña eta misiolaria askatuko dugu. Etzaitzue komeni ez gure aurretik eta ez gure ondotik joatea; gure aurretik joan ezkero, gu garaiturik gelditzen bagera, ezbearren bat gertatuko zaitzue bearbada; ta gure ondotik joan ezkero berriz, lapurrek ilko zaituzte, zuek ekarri gaituzuela uste izango dute ta. Zoazte beraz atzea eta gu aurrera joango gera, lapur tzar oien zapaltzera».

        Ezinbestean etsi zuen beraz Isidro Anaiak eta atzera itzuli zan, biotza puskaturik, bere baitarako auxe ziola: «Or gertatuko da arako Ebangelioko parabolak dionez gari artean ereindako belar txarrari gertatua: soldadu auek bizia kenduko diete bearbada gaizkiegile aiei; baiña aurretik lapurrek gure misiolari gaixoa ilko dute». Gobernuaren soldaduek bataloi bat egiten zuten, Tsao koronela buru; lentxeago esan dugu, nola jokatu zuten soldadu oiek.

 

aurrekoa hurrengoa