www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

49. Eieran (errotan) lan egiten

 

        Kansun, nik ezagutzen dudan alderdian beiñipein, ur-eiera gutxi da, aize-eierarik bat ere ez. Eiera geienak aberen bidez edo gizonen eskuz ibiltzen dira. Etxe geien geienetan badute eiera erabiltzeko abere bat; etxe guziz beartsuetan eskuz egiten duten lan ori.

        Lapur-tegi artan egon giñan aldi guzian, egunoro edo beintzat egun bitik batean toki batetik bestera aldatzen giñan, geienetan gauez; ostatuz egoten giñan baserrietan etzan beti eiera erabiltzeko abererik izaten; orduan guk, atxilook iraularazten genuen errotarri astuna, guk eiotzen genuen lapur-talde osoak bear zuen irin guzia. Ni, nagusien naikaria asmatuz gogotik eskeintzen nintzan beste atxilo guziak itsusitzat zedukaten lan ortarako. «Utzi zadazue lan ongitsu ori, esaten nien; lana gauza anditzat artzen dan Errepublika bateko semea bainaiz ni». Nitaz parre egiten zutela? Bai bost axola zitzaidan neri. Nere zaiñak teinkatu ta gau otz luze aietan otza garaitzeko naikoa berotasun bildu egiten nuen ta kito!

        Gure toki-aldak geienetan gauez egiten genituela esan dut lenago; ostatu berrietara berandu iristen giñan eta etzegoen beraz basora egur-eske joaterik. Nik nere gorputz-ekitaldietan igarotzen nuen gau osoa; loaz axola gutxi nuen. Lo egin gabe azkar nengoen: lo egiten zutenen artean berriz maiz agertzen ziran batzuek oiñak anditurik, besteak birika aldea mindurik; argatik loari gorroto piska bat artu nion.

 

aurrekoa hurrengoa