www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

12. Zer egingo degu?

 

        Bai, zer egingo degu? galdetu genion iruok elkarri. Gaua iluna zan eta iluntasun arek lagundurik iges egin genezaken bearbada eta ola gure biziak gorde. Baiña etzitaigun olako gogorapenik burutara etorri. Nola iges egin gure Aurtzaro-Sandutegia ta bertako ogei-ta-amar nexkak bertanbera utzirik?

        Nexka gaixo oiek misiolaria beste estalperik eztute munduan, misiolaria dute beren aita, beren aita-ordekoa, beren azlea, eta ez beste aldetan bezela animaren aita bakarrik. Elizaren gauza bezela dira, berak ere olakotzat dauzkate beren buruak bai orain ta bai geroago ezkondu ondoan ere. Elizak zaindu ta begiratu bear ditu beren galbide ta arriskuetan aita batek Europan edo Amerikan bere alaba maiteak zaindu oi dituen bezelaxe.

        Orduan esan nien nere bi lagunai joateko berak igesi, ni geldituko nintzala nexka aien zai. Baña Bartolome Aitak, eginbideko gizona baita oso, bereala erantzun zidan: «Ni naiz emengo erretore, neri dagokit Aurtzaro-Sandutegiaren zaintzea. Ni ez naiz emendik joango, zuek egizue nai dezuena».

        Bartolome A. orren gogor ta etsia ikustean, alper iduritu zitzaidan geiago ekitea; baiña bera alako galbidean bakarrik utzi bearrak min ematen zigun ta bere aldean gelditu giñan. Biok ango egur-pila batean gorde gintuen gure erloju ta uráts-neurriak, Isidro Anaiak berriz, galtzerdi barruan sartu zuen berea.

        Gure izketaldi ura bukatu ta zenbait gauza prestatu ondoren, Aurtzaro-Sandutegira aldatu giñan eta an arkitu gintuen emakume ta nexka gaxoak zoko batean kuzkurturik, fusil-bunpada ikaragarri aietaz izuturik. Antxe geunden begira zer gertatuko ote zan gau bereartan gure etxean ta geren baitan ta batez ere aur aien baitan, aiek zaintzeagatik geren bizia ere galtzeko arriskuan jartzen giñala.

        Gaueko zortziak edo ola ziran; ilargirik etzan ageri; gau iluna zan, zeruan izar bat edo beste. Karrikan entzuten ziran oraindik ere lapurren karraxiak, miñetan zeuden jenden aiotsak fusil-bunpadak, ezpata-kirrinkak. Uraxe kenka estua.

 

aurrekoa hurrengoa