www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

19. Lenengo jatordua

 

        Soldadu gorri auek izugarrizko jale gaitzak dira, beren barruan ezin-bete-alako zorro bat dutela dirudite. Egunean zortzi edo gehiago aldiz jan ta ala ere beti goseak. Alde guzietan janari-keta gaitzak iresten zituztela oartu giñan.

        Gure bigarren mendi-zulo artan gogotsu ari ziran jaten eta lenbizian etziguten ezer eskaintzen. Nik, egia esan, ez nuen jateko gogo andirik, biña ala ere jan nai nuen gero zer zetorkigun banekielako. Lapur-agintariak (Wan tai txi du izena) galde batzuek egin zizkigun eta oietatik atera genuen oso urruti eraman nai ginduztela eta gaiñera bi de malkar ta basa-lekuz. Eta ongi jan-ezik, bide luzeak gogor erasaten didala badakit nik, nere kostuz ikasita.

        Orthonia ta Yegnanfu-ko misiolarien ezaguera ba ote dugun galdetu zigun; lenengo errialde ura Txinatar Arresiaren iparraldean dago eta Sanxelipu-tik oso urrun beraz; eta Yegnanfu are urrunago bearbada. Ilabete bat aurretik ibili nintzan bazter aietan eta banekien ongi zenbateko bidea dagoen araiño.

        Azkenez, bederatziak aldera, txiaomi edo Arabia-garizko zukua eskaiñi ziguten. Nere bi lagunak doi-doi mustatu zuten; nik, jateko ta jateko esan nien eta ez esan bakarrik, baita neronek azkar janez erakutsi ere. Alperrik ordea! Jateko-txotxak katiluan utzirik, an zeuden nere lagun gaxoak, gogoeta ilunetan pulunpatuak. Nik nere aldetik uste nituen eztakit zenbat katilu, baiña filosofo-gisa jaten nuen.

        «Jan zazue, esaten nien nere lagun errukarri aiei; orain baduzue jatekoa ta jan zazue; ibilketa luzea egin bearko dugu agian eta non afalduko dugun eztakigu». Baiña aiek, laster etxera itzuli bear zutela etsirik baleude bezela, etzuten jaki erresumindu ura jan nai.

        Isidro Anaiak, bere buruari poliki eragiñez, ola zion: «Ostu dizkiguten mandoen gaiñean eramango gaituzte eta patxada ederrean joango gera». —«Bai zera, erantzun genion; S. Frantziskoren kotxean eramango gaituzte». Eta alaxe gertatu zan.

 

aurrekoa hurrengoa