www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

34. Gudu-zelaian

(azaroaren 15)

 

        Lapur-buruzagiek, bezperatik Tung ho ibaia igaro ta Kutxiawan-en egin zuten lo; guk biaramonean, azaroaren 15an igaro genuen ibai ori lapurrak, abereen gaiñean, guk, berriz, oiñez, gerriraiñoko ur otzetan sarturik. Neri, ur-sendazalea bainaiz, on andia egin zidan gorputz erdiko bustialdi arek; txinatar atxiloai ordea guziz mingarri izan zitzaien.

        Lapur-buruzagiek txerri ta ardi ta auntzak ilarazi ta jai andia egin zuten, orduarteko beren garaitiak eta gurendak ospatzeko. Alai eta kezkagabe ageri ziran Tun ho ibaiaren eguzkialdean zeudelako, lapurrak besterik bizi eztiran tokia baita alderdi ori. Lapur ezezagun asko etorri zitzaizkidan itzegitera eta batzuek legetsu begiratzen zidaten.

        Fusilak eta lanabasak eta gure elizetako tresnak eta erlojuak eta abar erakusten zizkidaten. Isidro Anaiaren erlojua Tsao tenienteak zeukan; galtzerdi barruan sartua zuen Anai arek eta andik kendu zioten. Termometro, altimetro ta barometroen giltzatxoak eskatzen zizkidaten. Gaxoak etzekiten tresna oiek zertarako diran. Bilbo-ko Uribe-Etxeberria-tar Simon Aita zanak bere buru argia ilobitik jaso balu!

        Fusil geienen argitasuna eman nien; aietako asko Alemaniatik ekarriak ziran eta Europako Gudu Andian ibilitakoak.

 

aurrekoa hurrengoa