www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Lapurren menpean
Polikarpo Iraizozkoa
1935

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Ainhoa Beola

Iturria: Zeruko Argia, 1935-07 (199. zbka.) / 1936-07 (211. zbka.)

 

aurrekoa hurrengoa

32. Ta wan ta kumen

 

        Irugarren egunean, arratsaldeko bostetan iritxi giñan toki ortara; ni, barau utsik. Zama andi samarra baineraman bizkarrean, nekaporraturik nengoen. Mendizulora sartu ta bereala kang batean etzan nintzan. (Delako kang ori lurrezko oe bat da, berotua; olakoak izaten dituzte txinatarák eguraldi otzetan). Gaiñerako atxiloak itz bat esan gabe, abereak bezela, lurrean etzan ziran zabal zabal.

        Geroxeago sartu zituzten mendizulo bereartara bi soldadu (Gobernuaren aldekoak) gorrien eskuetan eroriak; galde asko egin zizkieten eta soldadu gaixoak azkenean aitortu zuten guzia, Gobernuaren aldeko soldaduen asmo guziak agertu zizkieten. Orduan bi komunista-sail, bi soldadu aiek lagun zituztela, Youelu eta Utxio aldera jo zuten; baiña bi leku aietako soldaduak ikasi zuten lapurren berri eta garaiez igesi joanak ziran. Arritzekoa da zenbat eta nolako ispia edo ixil-berrikari dituzten komunisten buru auek!

        Egun osoan nere bizkar gaiñean ekarri nituen oazalak ilundu ondoan kendu zizkidaten. Ez nuen txintik atera. Jatekoa eskaiñi zidaten; baiña ez nuen artu nai izan, izugarri gose banintzan ere, Kang-etik jesteko esan zidaten; eta nik, etzitala gogoak ematen erantzun nien borobil borobil. Jotzera eskaiñi zidaten eta nik, parre egin nien. Beren fusilez zanpaka jo ninduten eta orduan jetxi nintzan lurrera.

        Arropa osoa gutxi nuen eta lurrean etzan ezkero otzak il beldur nintzan. «Lo egizue, esan nien gogor; zuek lo egizue kang orren gaiñean; nik lurrean egingo dut gaua. Baiña begira gero, orren gaizki erabil banazazue, laster ilko naiz eta nere eros-saria galduko duzue. Eta biar berean joko dut zuren agintariaregana, ari kontatuko dizkiot txarkeri guziok. Gaiñera eztut iñolaz ere beste piaotze edo atxiloen ondoan lo egingo, zikiñez eta zomorro nazkagarriz josiak daude ta». Ontan agertu zan nere zaintzale Aranondo eta burusi (oatzestalki) bat eman zidan. Gizon zakar eta itxura txarreko au maitasun piska bat erakusten asi zitzaidan. Gaiñera, aldi ontan berak ez ninduen jo.

 

aurrekoa hurrengoa