|
Joannes d'Iraolaren poema bilduma
ALPESETAKO MAGALEAN (Angel Ortizi)
Alpesetako magalean, iadanik eskuetan huen ilunabar gazte hura gehiago dastatzeko aukerarik gabe, larratxorien konpasean basolarien kantua errepikatuz irauli berritako pagoen besoetan lo izerdizko sentimenduz agurtu ginduan.
Gaztetasun traidoreak hogeita lau urte ebatsi zizkian ilusioz beteriko adaska gaztea aizkoraz ebakiko bailitzan. Ez dik aizkorak adaskarik harrapatzen gizonaren eskuetan ez bada ez gaztetasun traidoreak engainatzen bizimin eroaren arriskutan ez bada.
Hire esku umoak begiratu gabe hire ahurretako malko garratzetatik edan gabe, bidali haugu ur haziak daraman katakumea bezala, hilerri krudelerantz.
Heriotz agurrak eta odolezko azken diosalak soilik bazkatzen duen herri hozpel honetan unibertsoa umanoagotzen doala zirudik ortzean ordea nabaria duk usapalen hegada pasakorra.
Heriotzaren hoztasun mutua horditurik zelebratzen dugunok aldiz irri ergel bat igorri diagu barneruntz. Eta zigarro bat erre zeruak zeru, lurreko eternidadean hegalik gabeko AINGERU izan zareten oroitzapenetan.
Joannes d'Iraolaren poema bilduma |