Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985

 

 

      Kopla antzera izkribaturiko poemaok Oxford-eko Bodleyan Library-n eskuratu genituen, pergaminozko orri solte batzuetan erdi ezabatuak. Mingarria da poema ilunon azkena, eta bestalde ez dirudi (azken bi kopletan erran nahi dena ondo entelegatu badugu behintzat) paganoen lana denik, ezen kurioski adierazten baita «herioaren harunzkaldetik ari den ahal ukanen dela soilik, gizaldiz gizaldi aldarrikaturiko libertade betegarri horren paradisu terrenala. Dena den, urrikirik gabeko ondorio gaitzak atera zituen koplaon egileak, egin zuenek egin zuela, eta baita ere esan behar da, poemak desarroilatzeko erabili dituen bideak ulerkaitz eta bihurri samarrak egiten direla. Halere, hauts artean galtzea baino bidezkoago iduritu zaigu jasotzea.

 

 

LIBERTADERUNTZ

 

Hilargiz jantzi

dut soina

buztin lurrezko

galtzerdiz oinak

 

mendi larrutuetan

haizea hankapetuz,

argizaria eskuetan

ortzea agurtuz

 

Libertadearen xerka

abiatu naiz

iparra ezkerretik

ekiari jarraiz

 

gure jainko mutuaz

beraiei galdetzean

gezurrezko haritik

zintzilik aidean

 

jendearen soka

betiki mirailean

bihotza eskuetan

begiak lurrean

 

urkatu naute, non

libertade izoztuaren

aipamen madarikatua

herioaz pagatua den

 

herioa baita soilik

libertadeari eskua

luzatu nahi dion

azken amildegi izua.

 

Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985