|
Joannes d'Iraolaren poema bilduma
ESTRAINAKO GAUZA HAUNITZ
Adiskide baten heriotzat ilunki mintzatzea... Gaztainondo zahar baten orpoetan negarrari ematea... Euri tanta freskoz basituriko neskatila ero baten ditiak laztantzea... Begi ņabar biren negarte urrunean maitasun pasakor bat aurkitzea... Hegaztien amodio kantuz itoa ilunabarra itzaltzen ikustea... Udazken haize ero honen ferekutan horbelik sintzeroena bereiztea... Zakur mantso baten lepagaina desesperaturik balakatzea... Deserturik anonimoenaren erdian etzanik amaigabeki zerua behatzea... Musika oinarririk gabe doinu ergel bat marmarikatzea... Primaderari lorerik eskatu gabe sagar bat supituki hozkatzea... Errege batek urrezko aulkian bezala itsasarri borobil baten gainean ene gorputza sentitzea eta, munduko hiririk habitatuenean katu beltz ernari baten bakardadeaz oroitzea... eta beste estrainako gauza haunitz eska dezakegula arraiten zidan iragan egun batez XX.mendeko gizaseme heldu batek.
Joannes d'Iraolaren poema bilduma |