Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985

 

 

Oihaneko pagoak blai

aideratuz hiru elai

ostadarraren harian dira

hirurak pausatu nahi.

(J.S.)

 

 

HEGAZTIAK

 

            Hegaztiak

lurrean du habia babesten;

adaxkaz, belar izpiidorrez eta

abere ilaberrituek egotziriko

ile galdu guriz borobiltzen.

 

            Umea

hazi eta lumatzen den ber

espaziorat du igortzen.

han baitu ikasten hegaztiñoak

hegal urduriak dostatuz

bide lasterrak urratzen

 

Bada espazioan urraturik

dute etorbide nagusia,

larazken epelari jarraiz

hego haizearen gidaria.

Han non, herrenkadan ikara

doan hegazti bidaiaria.

 

Espazioan dute hegaztiak

elkar laztantzen;

izei gailurren adasketatik

lurra zintzilikatzen.

Hegaztiek soilik, lurrari

espazioan eusten.

 

Hegaztiaren kantu liburuak

espazioaren apalean daude mutu;

oroitzapen, xoriño lurkoien

gutunak oro, eta haunitz gordairu.

Unibertsoaren kondaira luzea ere

hegazti fierrak gorderik du.

Etsipenaren noraezin eroak eta

espazioan bere pausaleku.

Han, xoriño eta harrapariak

non betierekoan diren kokatu.

 

Hegaztiak ezarria lurra

espazioaren bihotzetik dilindan.

Gero, hilargiak, bere senideek eta

ekiaren malkoek hatzaparkatu erdian.

Horra hor bada, geroztik

abismoaren gauetik argirako biran

hegazti iragankorrak oro

beronegaz dostatzen ari bailiran.

 

Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985