Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985

 

 

      Moskutik bartan, Ukrania bailarako herriska batetan, Limbo izeneko ostatu baten ataurrean egoten zen andere lirain bat gauero. Behinola, Sholojov sovietar idazle sonatuaren nobela bat leitzen ari zela, bi doble eginiko paper zuri bat erori zitzaion liburuaren orrialde artetik lurrera. Berehala, plazer lizunen bila ostaturatzen ziren gizaseme obsesionatu haietariko batek jaso zuen papera, anderea ohartzen ez zen bitartean. Ostatura sartu zenean, hatz artean estuturik jadanik zimurtu zuen papera zabaldu eta irakurtzen hasi zen. Baina ez zen gauza, hain baitzen hordi. Hurrengo goizean lanera zihoala, meatzari bati dagokion esku zakarrez patrikeratik atera, eta poema hauxe zekarren inprimaturik:

 

 

ENE EDALONTZI BAKARRETIK

 

Gau hezearen tanta isilek

pausatuki betetzen dute

ene bakardadearen edalontzia.

Hilargiak emeki argitzen dizkit

farola ahul batek gautximeletak bezala

atsegin beteko xendera samurrok.

Begiak, espazio ilunean arrastaka doazkit

nola bareak belardi ihinztatuetan.

Amodio gutun bat igorria dut

suak ilauna bezain galkor;

baina ez, etengabean edanen dut

ene edalontzi bakar honetatik,

malko lotsatiok barnerat bihurtuz.

 

 

(Handik egun batzuetara, bere buruaz beste egin zuen andere gaisoak, eta hartatik jakin zuen meatzuloetan aritzen zen langile zahar hark, puta ez baina, atezaina zela).

 

Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985