Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985

 

 

PROLOGOA

 

      Literatura zer denari buruz luze eta hedatuki mintzatu da jendea, baina, «Hitz haundi horren itzala haundiegi dator hitz-kate hutsalon parean» erranen zukeen Joannes-ek. Ezjakintzat bait zedukan bere burua, «hain gara ezjakin, non, bizitzen ere ez baitugu ikasi oraino, eta, bizitzen dakienak ez du zergatik paper zuri ederrok zikintzen ari beharrik —erraiten zuen—, gainera, poesiak: herri baten eta nor beraren ezina, heldutasunik eza, literatur ahulezia, besterik ez du adierazten». Horregatik, behar bada, euskaldunok, lauzpabost liburu irakurri ohi dugunean idazle erren bihurtzeko pribilegioa. Pribilegio negargarria nahi bada, baina, eskuartean duzun hau ere, zaku berean sartu behar nahitaez, Joannes-ek kontzientzian kargarik ukan ez dezan. Zera ere esan genezake: olerkia, buru gauza baino areago, sentimen, irudimen, fantasi eta bihotz gauza dela, Lekuona zaharrak esanen lukeen gisan. Eta maiz, bat bederaren nahikeriak, gutiziak, barneko haur jolasak eta amets ezkutuak gordetzeko modu egoista bat.

      Dena dela ere, poema bildumatto honek, oinez ikasten hasi berria den (eta sekulan ikasten ez duen) haur bildurtiaren antzera, burumakur eta herabati atera nahi luke bere gordelekutik. Joannes luzaroan dostatua zen umezurtz ahul honekin, eta orain jadanik nahiko luke, oren erdi batez bederen, zu zuhaur dosta zaitezen, lagun zintzo bati dogokion gisan zeire laido-laudoak erakutsiz.

      Hona bada, guk geureak, gutti batzu bederen erran.Orain jada, zeurea da txanda. Zeurea hitza. Eta, zeurea, haur lotsati helbar hau zaintzeko kargua.

Apailatzaileak

Leitzan, 1985.eko Martxoaren 26an

 

 

 

Eskaintza:

              Ene behi zaharren unai zintzo

              izan ditudan Jon eta Josebari.

              Amodiozko amets luzetan

              lo daudenei, eta, ilargia

              behatzeaz oraino gogaitu

              ez direnei.

 

 

 

ARGIBIDE BATZU

 

      Joannes-en poema bilduma hau, lehiaketen batetara aurkezteko, edo besterik gabe argitaratzeko asmoz (hala baitzen izan ere, Joannes-ek betidanik ukan zuen desirkundea) nolabait egituratzea gogoak emanik, azalpen tikiren bat komenigarri izanen dela iruditu zait. Berez, poema bakoitzaren autonomia osoz osatzen den bilduma baizik ez luke behar honek. Halere, nolazpaiteko itxura edo tajuketa eman nahiz, aurreneko poemak erakusten duen garapidea eman diot, (agian, Joannes-i berari gogozko zitzaiokeen erreferentzia bat hartzeagatik egin dut hau: alegia, bilduma hiru atal nagusitan banatzea). Lehen atala beraz, «haurtzaroaren misterioak» osatzen du, poemak zorion betean bizitzen diren aroak. Bigarrena: «bizitzari aurpegi eman beharraren misterioak», bizitzeko ezinbestean poemak hontzen diren aroak. Hirugarrena eta azkena: «heriotzaren misterioak», udatzeneko horbela neguaren atarira bezala, heriotzaren ataurrera biltzen diren poemen aroak. Honela bada, Joannes-ek berak, edo bestelan, beste edozein kreaturak lurralde goibel honetan betea dukeen etapa eman nahi da poema bildumatto honen bidez. Bestalde, poema batzuren buruan, nahiz oinean, ageri diren oharrak oro Joannes-enak dira, berak poema bakoitzari, bildu ahala imini zizkionak. Joannes-en amets bakarra munduko tipikeria eta kasu galduetan oinarrituriko izkribu, gutun eta poemattoak biltzea izan baitzen, eta horretan korritu zituen munduko xokorik estrainekoenak, menturazale amorratuen xendera bohemioetan barrena.

      Oharrik gabe datozenak aitzitik, bere poemak dira, Joannes-ek berak bere bizitza laburra bezain menturazalean burutu zituenak. Hauetarik batzuei, Joannes-ek hain gogozko zituen poeta zenbaiten zita apropos batzu ezarri dizkiet, ahal ukan dudanean poemaren mamiari egokituak.

      Bere ibilera menturazaleetan bildu dituen poemak, eta berak egin zituenak, denak nahasian ageriko dira ondoko orrialdeetan barrena, baina hau ezinbestekoa izan zait, hiru atalen mamira poemak, guztiak, sailkatzeko garaian. Hala eta guztiz ere, azken atalak hartzen du bildutako poema gehientsuenen zama.

      Balikebale, poema guztiak, Joannes-ek utzi bezalaxe, bere horre-horretantxe tajutu ditut, ez ordea, egungo euskara batuaren ortografi arauetara hurbiltzen neureak eta bost eginahalak egin gabe.

      Bukatzeko, poema bildumatto hau apailatzean, baldin ene lagun mina nuen Joannes-en desirkundea burutzera heldua banaiz, besterik gabe, betea nuke ene xede bakarra.

 

Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985