Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985

 

 

      Mississipi ibaiaren mendebaldean berrogeita hamalau urte artzain eman zituen, Laxaro Indianoa deitzen genion agure gotor batek. Zahartzaroan, sorterrira bihurtua zelarik, bere artzainor xuriñoaren konpainian, egunero paseiatzen zen hamabi urte eder zituenez geroztik ikusi gabe zituen karrika nostalgiko eta hain mudatuetan barrena. Zenbat pasadizo, zenbat oroitzapen suntsitu didatea karrika nahasiok eta infernurantz altzatu dituzten etxe tzar huguingarriok —erraiten zuen berekiko—. Nehoiz bere ibilera bakartiaren geldiuneetan, bere buruarekin mintzatzen ari bailitzan, errefrau gisako errakuntza luze eta urrikalgarriak aldarrikatzen zituen. Honela, gaztetan bere lagun min izan zirenek erotzat joa zedukaten. Baina guk, haur ahulok, berarekin iragaiten genituen orenik liluragarri eta atseginenak. Behiola, ilunabartzen hasia zen arrats batez, suzko oskorri zoragarri baten argitan, otsondo aldera begira, besoetan hartu ninduen eta ohizko gisara deklamatuz hitz hauetxek eskaini zizkidan:

 

HIRETZAT

 

Hiretzat ene oritzapenen karrika suntsituok

Hiretzat neskatila loratu berrien bilo urratua

Hiretzat mando hil honen bizkarrezur geldia

Hiretzat deusezaren umatokia estaltzearen ohorea

Hiretzat atertuko ez den gau helbar honen eskua

Hiretzat mendi etzan asperron lo amaigabea

Hiretzat hortzarik gabeko herri zahar honen auzmarra

Hiretzat hiri orotako egunurratze zaurituen negarra

Hiretzat oro eneño, urregorrizko basandereño!

 

 

(Ondikotz! indiano zahar hura ere zendu zen, gu

ordea, haur ahulok, erotzat gauzkate oraino).

 

Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985