Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985

 

 

      ...Sentimenduak belatsoroetan bazkatzen diren begien antzekoak dira, belarrez aserik ere marruka hasten dira...

 

 

SENTIMENDUZ

 

Ene sentimenduak pilatzen

ariki, etxe zahar hustuan

haize hegoak uxarazi arte

datorren abuztuan.

Liliak ere xaloago dire

negu gazte izoztuan

nola papagorri xorinoak

ezpeldoi ilun ezkutuan.

 

Hiri beltzetan otzanki

hedatzen, hegazti maltzurra...

kale basituetan maitasun

bila dabila zakurra...

etorbideetan paseiatzen den

neska gazte baten agurra...

Oi! zoin hunkigarri zaidan

sentimen ero honen samurra.

 

Sentipenez bete nahi dut

betierekotz ene barrena,

gau leze hauen bideetan

hilkor bihurtzen ez dena.

Oi! kirioetan hedatzen den

itsaso gose gardena,

izadi zoragarri honen

gosetean, goserik ederrena.

 

Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985