Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985

 

 

...Ez da ahaztu behar, maitamendua zorionaren eta angustiaren infinitoan hondatzen denez, egoera horretan gauzarik gorenak bezala baldarrenak ere izkiria daitezkeela...

 

 

MAITEMINEZ

 

Hunitzez eroago dun

gau honen eromena

palmondo ilun hauetan

urtuz ene irudimena.

Maite haunat... Zelia!

izar orotan ederrena.

Gau-ele gozoz, eztiki

natorkin heuregana.

 

Hamabortz larrazken soilik

bilutsi ditun hiregan

enetzat hamar gehiago

zendu diren eran.

Barrena urtzen zihoakinat

heuregananzko hedadetan,

xoriño eriaren gisara

ezinezko jauzi baldarretan.

 

Zerbait erran nahi

baina, gero eta ezinago!

elorri adasketan kukua

nola den kantuminez ixo.

Izardi isil honetan

ez izarrik haboro,

denak gutti baitizkinat

gau gose honen asetzeko.

 

Bazekinat ezin gazteago

haizena... ene Zelia!

ezpain odoltsu gorriz

ebakirik aurpegia...

negute beltz honetan

jantzi zuriz estalia...

begi ñabar biren loan

ene besoetako ninia.

 

Oil ene Zelia... hitan

maitatzen dinat oro

eta orotan hi, gau

honen loa ernaltzeko.

Ilunari eskua luzatzen

bertan behera hiltzeko,

argiz oro laztantzen

nazka bainaun gaurgero.

 

Sentimen gaiztoa baizik

ez dun ene amodioa.

Hiregan hustu nahi neska!

ene etsipenaren gogoa.

Utz iezadan urratzen

heure larru guri beroa!

erho dezadan amodio

iragankor honen geroa.

 

Ezti gozozko irri izua

laino artean oihuz ariki

bihotz unatu honen nahiera

gorputza utziaz lazoki.

Zelia! heure aurrean nahi

ninake zerraldo erori,

hire gorputzaren sua

hartuaz gau honen edari.

 

Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985