|
Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Lore bat, gorria, mardul, eze, beti; erts-ezin zauria odolezko iduri. (X.L.)
ARRATSALDE BAT BESTERIK EZ ZEN
Itsas gainean erdi murgildurik ahuspezka ikusten ziren baletzar eta arrain ttipien sabelazpi zurista haizatuak. Ozeano orotan sortu zen izurrite baten ondorioz koroildutako kalatxori ahulduak banan banan erortzen ziren itsas bazterreko harkaitz garaietatik beren buruak desesperatuki amilduz. Palazio zahar baten itzalean eseri nintzeneko arratsalde bera zen... Urrun ortzemugan, hazitzenago zen hodei ilun baten gorrotoa, bere buruaren aurka bihurriagotzen haserreagotzen eta gaiztoagotzen zihoan, ekaitz unibertsal ikaragarri baten eromena edo, ezin baretuz. Noraezean zorabiaturik ziren hegazi banaken intziri hilkor tristeak izadiaren hilezkilak adierazten zituzten. Arratsalde sargori bat zen... Basamortu bilakatu ziren arboladi eta larre antzuetako ondarra haize zirimolatu bihurri batek astintzen zuen. Basabere izutien begirada lotsatiak naurrigabeki ohilkortzen ziren beren itzurpiderik gabeko bakardaderuntz. Arratsalderik arruntenetarikoa zen... Los Angelesko karrika amaigabeak Tokio eta Moskukoen antzera burnizko kalaberaz, eta plastikuzko sentimendu hilez estaliak ageri ziren; izadiaren berezko oinaze suspiriotsua areagotzen ari bailiran. Izakiak oro banan banan hiltzen ari zireneko arratsalde zoragarria zen... Edozein lekutan zeutzan erdi ustelduriko gizagorpuen betazulo ilunetatik ateratzen ziren eulibaltz aseen burrunba ikaragarriak atseginago baizik egiten ez zuen arratsalde gozo bat soil soilik ez zen deus besterik
Joannes d'Iraolaren poema bilduma |