|
Joannes d'Iraolaren poema bilduma
UDAZKEN GORRI HONETAN (M.L.ri)
Udazken gorri honetan ene oroimena zure baitan pausatzen da antzara eta basusoak harizti zaharretan bezala. Zure hego haizearen labetan goritzen den suak kizkaltzen ditu ene lurralde barnekoiak eta zure ezpain uheletan pilatzen ene erreka ilunak daramaten horbela. Zure gorputza diren mendi biluziak estalki zuriz janztera utziz goi mendietatik ibarreruntz abiatu dira ene behiak, artaldeak, eta behor amoltsuak oro... Udazken gorri honetan ilunabartzen hasia denean zure begiak pizten dira ene sukalde lezean eta ene labazomorro izuak beren gordalekuetara aienatzen dira. Ezen ene sentimenduak —labazomorro izuok— lasaiago sentitzen baitira, segurrago ilunbeetan edo etxe zahar hutsetan.
Joannes d'Iraolaren poema bilduma |