|
Joannes d'Iraolaren poema bilduma
ZETAZKO MAINDIRE BELTZEZ
Uztail ilunabar batez iduzkia ez da gori behor zuriaren urregorrizko begi ninia iduri. Aintzira bazterrean etzanik, neskatila emeak belar gozo artean larru gorritan erneak. Enarak, beren umaldi berriak arrastan dituztela aienatu egin dira ziutate gainko diamante urdinetik. Sanjuan sagar horiztak berriz, umotzen ari dira jadanik sortu orduko beren buruak adaska idorretan urkatuz. Harri erauntsi baten kontzertua eman da erribera aldean atabalarien desgaraiko erredoblatze pairaezina bailitzan. Umezurtzaren oin tipiak buztin gorrizko putzulu baten lohitan erdi murgilka doaz, istanpatez gogobeteko plazerretan kiribilduak Iduzkia ordea, muino urrunean oskorri eginez eskutatzera doa hare gorrizko ene ohantze zabala zetazko maindire beltzez estaltzera utziaz
(Gezurra badirudi ere, eguzkiak traiziona lezake gizona, eta desertu leze dentso batetan argirik gabe utzi. Behin batez, Uhland alemaniar poeta handia halatsu geratu zen, poema ezti honek oroit arazten digunez).
Joannes d'Iraolaren poema bilduma |