|
Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Aininderor gaztaroan, nerau ikurrin et'ikurrik gabe, ezpainetan otoitzik ez, birau- itzalik ez, baikor, ez herabe.
EGUBERRIETAN (J.M.ri)
Eguberrietan... Agin eta gorosti asesinatuen adarretan keinuka eta bakarti, urkatu egiten dira bonbilak. Eguberrietan... Gau zaharren amantalpean, ur bihurtzen Betlhengo estalpean elurrezko teilatuak eta, Iesus Haurraren zilborrerat erortzen zazpi probintzietako itokin kostunbristak. Eguberrietan... Goroldioz asetzen dira basabereak eta kabaleak oro ahotzez. Hiru errege zolik ereiten dute fede hazi gaztea, kirieleisonka doazen ibaietatik eragaiterakoan, —Bartoloren gisa— lastozko zubi ahulak eraikiz. Eguberrietan... Sienprebiba berdasken freskotasuna urtaroen ezpatak bezala, hiltzenago gaitu tradizioaren sentimenduak, eta... elurte urrunaren beso zurietan zurrungaka gogora ohi ditugu Mirandek maitaturiko neskatoen xarma eta Charles Chaplin-en gorpu geldia.
Joannes d'Iraolaren poema bilduma |