Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985

 

 

      Zuberotar malerus bat bazen, gaisoa, bere bizitza tristean hamaika deskalabru jasana. Gazte zelarik marinel joan zen Terranova alderat, makailotara edo... Han zortzi ilabete iragan ondoren etxerat jin zelarik, nagusiak lan honetatik egotzi egin zuen, ez soldatarik eta ez deus ordaindu gabe. Handik bi asteren burura guti gotibehiti, Maulen karrika garbitzaile hasi zen lanean.

      Baina asturuak alde gaitza seinalaturik zion nonbait, eta erabat kantari aritzen zelako erotzat jo zuten, tratamendu batzu ematera Hospital de la Pietè-ra eroanez. Han denboraldi luzeegia eman ondoren atera zenean, loteria saltzen ari zen itsu bati bastoia kendu eta, hamasei urteko neskato bat hil zuen, bertan muinak atera arteino kaskezurrean joka. Gertakari hau zela medio gartzelan egon zen, hogeita hiru urteren burura, Estatuak eman zuen amnistia bati esker libratu zen arte. Dena den, zorigaiztoko gizaseme honek badu berak honduriko poematto bat, gainera esaten denez, egunero egunero errezitatzen omen zuen gauean oherakoan, guk haurtzaroan Aita Gurea egiten genuen antzera. Honatx poema:

 

 

BADEA ESPERANTZARIK ORDEA?

 

Itsaso haserreak ondartzara bihurtu duen

bale eriaren gerizean etzana ote?

karriketako argi bildurtien kontsolatzera joana?

Burnizko musika asperra aditzera

erotegietako sapaietan pausatua?

Ala amaraunezko ohantzean lozorroan ote?

giltza zahar herdoilduaren garraisiak

sekulakotz iratzar dezano?

Ah! badea esperantzarik ordea?

 

 

(Parisko literatur aldizkarietan eta, behin baino gehiagotan argitara eman nahi izan da poema tipi hau, baina zentsuratu egin izan dute behin eta berriz).

 

Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985