Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985

 

 

Ez ta ametza, zuhaintze

ez ahuntze kabale

haborozik eta emaztea jente.

(T.P./Igela)

 

 

PIZTIEN OROIT MINETAN

 

Oihaneko urritzetan

han duzu urtxintxa.

Zuhaitzik zuhaitz

jauzika da mintza.

 

Larra soilen mugarri

bakardadean lizarra,

bere altzoan lozorro

betierekoan muxarra.

 

Elurte zurian barrena

utziz oinatz amaigabea

bazka surrian bildurti

ezkurdira doa basurdea.

 

Behe ibarretan bortitz

haritzaren bihotz geldoa.

Adarretan gora doakio

herio bildurrez hudoa.

 

Han, baso ilun urrunean

eriden nahiz gordelekua

izkilu hots krudel batek

irabiatzen du basakatua.

 

Gure amalur zoragarrian

menderik mende nafarroa

nola zakurren ahutzetan

amorratzen den azkanarroa.

 

Ehizakurren aurrean izu

noraezean doa oreina.

Harkaitzean behera erortzean

hartzek jan dute gehiena.

 

Saraitzuko mazeletan gora

eltzahorraz zituzten uxatzen otsoak,

gau beltzaren sabelean oihuka

mendi biluzietan zebiltzen arbasoak.

 

Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985