Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985

 

 

      Hamaika urteko neskato turkiar batek gerra zikin bat zela medio gurasorik gabe gelditzean, eta derrihorrez herbestean gelditzen zitzaion izeba zaharraren etxerat partitu beharra izan zuenean, aldameneko bere lagun Klaudiari gutun bat uztea bururatu zitzaion. Hain suertez Klauddia ere ez baitzen gerraren hatzaparretan gelditu, eta bere laguna ezin bada aldegin, hitz erditxo bat bederen erran gabe. Jakina, pentsatu besterik ez dago, bien ala biak hestualdi larritan izanen zirela, halere harritzekoa da gutunak erakusten duen naturaltasun eta baretasuna.

      Hala eta guztiz ere aitortu beharko dut, turkieratik euskarara itzultzean berezko naturaltasun ezti hura apurren bat galduko zuela. Hona beraz gutuna, ahalik eta zuzenen itzulia:

 

 

ADIO KLAUDDIA

 

Banoa bihar tia Emiliren etxerat, baina

bidean hilgo banintz pozik sentituko nintzateke.

Bai bai, hori seguru, bakarrik baino nahiago dut

hilda bizi. Ni lehenago ez nintzen bizi, eta amak

bizitzeko esan zidanean (beno, aita ere han omen zen)

pozik hasi nintzen bizitzen. Eta berriz hilgo banintz

ere pozik biziko nintzateke. Eske niri dena gustatzen

zait. Gerra adibidez. Joo! ta gerran hiltzea. Ene ama,

badakizu, gerran hil zen... eta aldameneko Teresak

sagarrak ematen dizkit orain. Eske niri dena gustatzen

zait, beno, dena ez baino, ez gure aita bezala

beti haserre eta beti haserre, ta gero hiltzeko

bildurra zuen. Ta badakizu zer, fusilatu egin zuten

Ta badakizu zergatik, osabaren etxera joaten zelako.

Horregatik ni ez naiz osabaren etxera joaten.

Tia Emiliren etxerat joanen naiz bihar

Ta zuk zer eginen duzu...

 

Joannes d'Iraolaren poema bilduma
Patziku Perurena

CAP, 1985